Sarasuak, hasteko, bertaratutakoei gogorarazi zien 2016. urtean UNESCOk egindako adierazpenetik, XXI. mendeko hezkuntzak honako hauek oinarriak izan beharko dituela: pertsonen duintasuna, ahalmena eta ongizatea bultzatzea eta besteekiko zein naturarekiko errespetua areagotzea. Hizlariaren arabera, aipamenak kalitatezko hezkuntza-sistemaren bat antolatzeko konturatu behar diren ildo nagusiak laburbiltzen ditu.
Hik Hasik urteak daramatza hezkuntzako hainbat praktika aztertzen, prestakuntza eskaintzen, hezkuntza-eragileei elkarrizketak egiten eta nazioarteko hezkuntza ezagutu eta ezagutarazten. 2017. urtean, Euskal Herriak behar duen hezkuntzaz urtebetean hausnartu eta eztabaidatu ondoren, euskal hezkuntza hobetzeko hainbat ideia jaso zuen eta, halaber, horretarako eman beharko ziren pausoen proposamena egin zuen.
Hik Hasiren ustez, euskal hezkuntza-sistema berria publiko, bateratzaile, sozial edo inklusiboa izan beharko litzateke. Denontzat eta denona izan nahian, familiak, eskolak, herriak (herritarrek, eragileek) eta administrazioek (agintariek) parte hartu beharko lukete.
Euskal Herriko hezkuntza hobetzeko asmotan, hamar gako zehaztu dituzte:
1) Hezkuntza-jarduera balio hezitzaileetan oinarritzea; 2) Haurrek oinarri sendoak finkatzeko bizitzako lehen urteek duten garrantziagatik, hainbat neurri hartzea; 3) Oinarrizko Hezkuntza osoa pertsonaren askotariko konpetentzien garapenera zuzentzea, eta nerabezaroa bereziki gertutik jarraitu beharreko aroa dela jabetzea; 4) Irakasle-hezitzaileen prestakuntza egokitzea; 5) Eskola bakoitzak bere hezkuntza-proiektu propioa izatea; 6) Egoki prestatutako zuzendaritza, ondo aukeratua, eta lantalde egonkorra; 7) Ikasleak euskaldun eleaniztun bilakatzea; 8) Herrietako hezkuntza-plana, hezkuntza premiei erantzuteko; 9) Antolaketa administratiboa denontzako modukoa eta bateratzailea izatea; eta 10) Jendartearen eta hezkuntzaren beharrei erantzungo dien finantzaketa izatea.
Proposamenak, ezbairik gabe, alde asko ditu, baina aipatutakorik ardatz nagusiak hauek izan litezke: heziketaren benetako protagonista gizarteak izan behar duela; heztea (zoru etikoa) eta hezkuntza (zoru pedagogikoa) bere egitekoak direla; sare antolakuntza sistema publikoa izan behar dela; herri-mailako dimentsioa (“Herri hezitzaileak” eta “eskolak herritarrak”) eta, beraz, ikastetxeen autonomia indartu behar duela; Europako hezkuntza sistemak eredutzat hartu behar direla.
Hik Hasi-ren proposamenak, edozein modutan, bere zailtasunak ditu: adibidez, hezkuntza sareen arteko zatiketa eta hezkuntzari loturiko eginkizun anitzak. Baina, zailtasun nagusia, batez ere, da eredu berri horren antolaketa estatuek eta botere autonomikoak zehaztu duten hezkuntza sistemari ez zaiola egokitzen. Azkenik, hezkuntza-egitasmo hori gizartearen antolakuntza orokor berria eraikitzea eskatzen ari da, garatu dadin.