Laudioko Herriko Tabernaz dudan lehen oroitzapena, institutu garaietan egiten genituen “pirekin” lotzen dut, bertako pintxo goxoak mosto batekin hartzera nindoanean. Urte batzuk beranduago, barraren bestaldera pasatzeko aukera izan nuen, beste ikasle, pirolero, langile, jubilatu, familia eta abarrek pribilegio honetaz goza zezaten.
Urte gogorrak izan ziren alderdi politikoari dagokionez, baina aldi berean, komunitatea oso indartsu zegoen urteak izan ziren; izan ere, horixe zen guretzako Herriko Taberna, familia handi baten bizilekua.
Hasieran fabriketako langileei, elkarteei, bolondres anonimoei...esker eta hauen txanda zoragarriei esker, proiektua aurrera atera zen. Ondoren Herrikoaren berritzea etorri zen, zerbitzua profesionalizatzeko asmoarekin, nahiz eta bertan geundenok profesional planta eskasa izan.
Guztion pazientzia eta ekarpenarekin Herriko taberna bizi eta proiektuz beteriko horri itxura aldaketa bat ematea lortu genuen arren, ez genituen uneoro irribarre eta momentu goxoak bizi izan. Euskal Herria Askaturen astelehenetako kontzentrazioetan esaterako momentu latzak bizi genituen, zeintzuetan Herriko Tabernatik irteten ginen jakinda gutakoren bat atxilotua edo zauritua izango zela.
Gure lagun bahitu maiteen argazkiak eskegita zeuden zutabea asterik aste handitzen zihoala ikustea gogorra egiten zen, batez ere ez genekielako ea handik gutxira, beste leku bat egin beharko zitzaion aurpegi berri bati. Beldurra, ezinegona, ziurgabetasuna...aurre egin ahal izan genituen sentimenduak izan ziren; besteak beste, elkartzeko, hitz egiteko, gure beldurrak eta abenturak kontatzeko, negar eta barre egiteko... leku bat izan genuelako.
GURE HERRIKO TABERNA