Beste behin ere, Euskara Batzordean parte hartzen duten hainbat eragilek eta Urduñako Udalak elkarlanean antolatutako ekimena da hau. Antolatzaileek hainbat ekintza prestatu dituzte adin guztietako herritarrentzat egun horietarako.
Apirilaren 19a (osteguna)
Txotxongiloak egongo dira haur zein helduentzat. Umeentzako zita 17:30etan izango da Alondegian “Bat-batean txotxongilo piloa” ikuskizunarekin; helduentzako berriz, “Hamaika Gatazka” lana eskainiko du El Tenderete taldeak 19:00etan Foru Plazan.
Apirilaren 20a (ostirala)
17:00etatik 19:00ak arte Foru Plazan umeentzako txokolatada, haur jolasak eta herri kirolak egongo dira.
Gainera, 18:30etan gurasoei bideratutako hitzaldia emango du Iñaki Eizmendik udaletxean “No sabemos euskara. ¿Cómo ayudar a nuestros hijos a que sean bilingues?”
Apirilaren 21a (larunbata)
12:30etan Euskal ezkontza ospatuko da Foru Plazan. Gero, 13:30ak aldera triki-poteoari emango zaio hasiera. 15:00etan bazkari herrikoia egingo da; horretarako tiketak Mugalde Kultur Elkartean, Marrazki tabernan, Gernika kafetegian zein Kultur Etxeko euskara zerbitzuan egongo dira salgai.
18:00etan Dantza Plazaz gozatu ahal izango da; eta hau hasi aurretik, neurrira egindako Euskal jantzi baten zozketa egingo da.
Apirilaren 22a (igandea)
13:00ean familientzako kale-antzerkia Foru Plazan. Hortzmuga taldearen “Libertia” antzezlana ikusgai.
Gainera, Apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Eguna dela eta, 18:00etan ipuin kontalaria egongo da liburutegian.
Ekintza hauek ondo pasatzea bilatzen badute ere, ezin ahaztu aldarrikapen egunak ere badirela. Antolatzaileek Kontseiluaren “Euskaraz Bizi Nahi Dut” mezua zabaldu nahi dute Urduñatik zehar. Beraz, jendea ekintza hauetan parte hartzera gonbidatzen dute, baita euskaraz bizitzera animatu ere.