Urduñako Gazte Asanbladak (UGA) atzo ospatutako Gazte Egunean argi adierazi zuen lan egiten eta herria sorgintzen jarraituko zuela.
Duela 5 urtetik hona UGAk lokal autogestionatu bat aldarrikatu du. Gaur, abandonatutako etxe batean sartu, eta berau gaztetxe bilakatzeko lanetan hasi dira Urduñako gazteak.
Orain dela hilabete batzuk Udala Urduñako kultur talde ezberdinei lokalak eskaintzeko lanetan hasi zen. Gazte Egunaren harira gure atarian ikusgai dagoen Endika Rozasi egindako elkarrizketan honakoa zioen lokal horri buruz: “aldarrikatzen dugun lokal duinarengandik oso urruti dago, biltokia izateko bakarrik balio baitu. Leku horrek izaera publikoa izateak mugatzen du, eta horrekin gure lokal ezaren arazoa ez da konponduko”. Euren jarduera Urduñako herriari ireki nahi dio Gazte Asanbladak, eta horretarako lokal autogestionatua behar duela aldarrikatu du behin eta berriz.
Gazte Asanbladaren “helburua Urduña gazte bat eraikitzea da; Urduña parte-hartzailea eta bizirik dagoena, eta horretarako gaztetxea tresna garrantzitsua da”.