Ohikoa izaten da jostailuak, denborarekin, txoko batean baztertuta gelditzea; arrazoiak hamaika izan daitezke: jostailua adin tarte baterako aproposa izatea eta etxeko umeek adin tarte hori gainditua izatea, jostailu berriek zaharrak ordezkatu izana... baina, askotan, egoera onean dauden jostailuak ere izaten ditugu etxean, nahiz eta inork ez erabili.
Zure kasua hau bada, orain izan daiteke momentua jostailu horri hautsa pixka bat kendu eta erabilera berria emateko. Izan ere, Urduñako Udalak antolatutako erabilitako jostailuak biltzeko kanpaina abian da abenduaren hasieratik.
Ekimenak urtarrila bukaera arte iraungo du; beraz, etxean erabiltzen ez den jostailuren bat duenak, astelehenetik ostiralera goizeko hamarretatik eguerdiko ordubata bitarte Kultur Etxera hurbiltzea besterik ez du.
Helburu nagusiak
Kanpaina honek bi helburu nagusi ditu: baliabide ekonomiko gutxi dauzkaten familiei laguntzea eta egoera onean, baina erabilpenik gabe dauden jostailuei erabilpena ematea.