EDURNE ORTUN PEREZ (1975). Urduñako Ekoizpen zerbitzuan lan egiten du, Nekazari eta Abeltzainentzako Aholkularitza Ekologikoko Zerbitzuan hain zuzen ere. Aste honetan zehar Urduñan burututako Elikadura burujabetzaren eta agrodibertsitatearen astea-ren antolatzaileetako bat da Ekoizpen, eta horregatik jo dugu berarengana oraingo honetan.
Zer da Ekoizpen?
Urduñan agroekologia garatzeko zerbitzua da Ekoizpen. Bertako elikagai sistema garatzeko ekintzak sustatzen ari dira zerbitzu honetatik.
Nekazaritza agroekologikoan interesaturik dauden baserritarrentzako aholkularitza zerbitzua da. Baita nekazaritzaren arloan hasi nahi duenarentzat ere. Gainera, zerbitzu honetatik herritarren sentsibilizazio lana egiten da, elikadura burujabetzaren alde eta agroekologikoen ekoizpenaren alde, heziketarekin eta agroekologikoen foroekin. Zerbitzuak badauka harreman oso estua zenbait elkarterekin, sindikatuekin eta GKE-ekin, denak elikadura burujabetzaren arloetan lan egiten dutenak; horrela sareak lortzeko.
Zer dela eta antolatu duzue aste hau? Zein helbururekin?
Aste honek Urduñak elikadura subiranotasunaren alde egingo duen apustua jakitera eman nahi du. Herriek bizitzeko lurra edukitzeko eskubidea dute; baita hurrengo belaunaldiak bizi ahal izateko zaintzeko betebeharra ere.
Urduña elikadura burujabetza eta biodibertsitatearen defentsarekin konprometitua Udal-adierazpenaren bidez gure elikadura subiranotasuna berreskuratu eta elkarte eta herritarren arteko ekimenak sustatu nahi dira.
Miguel Altierik eta Paul Nicolsonek, mundu mailan izen handia duen agroekologikoa bata eta Vía Campesinako kidea bestea, emandako informazioaren bitartez, elikadura burujabetzaren alde herritik bertatik garatu daitezkeen ekimenetan lan egin nahi da.
Zergatik da garrantzitsua gaur egun elikadura burujabetza bultzatzea?
Elikadura burujabetza eta agroekologia bertako garapenerako tresnak dira. Urduñatik, produkzio agroekologikoan oinarritu eta hemengo elikagai-sistema garatuz, bertako elikadura burujabetza eraikitzen lagundu nahi da.
Gure eskualdeko sustapen ekonomikorako gakoa da elikadura burujabetza.
Gai honen inguruan mezuren bat luzatu nahi zenioke jendeari?
Egunerokotasunean kontsumitzaile zein produktore gisa hartzen ditugun erabakiek, gure eskualdean eraiki nahi dugun elikadura sisteman eragiten dute. Horregatik da garrantzitsua elikadura burujabetza sustatzea eta bere alde lan egitea.