Datorren asteburuan Korrika 17ko materialaren outlet-a salgai jarriko da Grafik-ek Laudion duen biltegian.
Bertara hurbildu nahi duenarentzako zabalik egongo da:
-
Ostiralean 16:00etatik 20:00ak arte.
-
Larunbatean 10:00etatik 14:00ak arte eta 16:00etatik 20:00ak arte.
-
Igandean 10:00etatik 14:00ak arte.
Maitatu, ikasi, ari… EUSKALAKARI!!
Duela bi hilabete eskas Korrikak gure eskualdea zeharkatu zuen. Oraindik ere, askok, gogoan ditugu gaueko ordu txikitan euskararen alde tipi-tapa tipi-tapa… Korrika! egindako metroak.
Bi urtez egoten gara bere zain, eta hurbil dagoenean zirrara berezia sortzen du, Korrika sentimenduz beteriko ekimena izaten da eta: Euskara bultzatzeko Euskal Herrian barrena murgiltzen den etenik gabeko herri lasterketa jendetsua.
Aek-k antolatzen duen ekimen honek, ordea, atzean lan handia egiten duen jendea du. Ez soilik Korrika bera antolatzeko lanean diharduena, baizik eta egunero euskaltegietan euskara ikasten eta irakasten aritzen diren ikasle eta irakasleena.
Honek etenik izan ez dezan beharrezkoak diren baliabideak lortzen ere saiatzen da aek Korrikaren bitartez; eta horregatik, beste gauza batzuen artean, material sorta zabala atera ohi du salgai. Oraindik ere norbaitek Korrika 17ko produktuak lortu eta, bide batez, ekimen honi laguntza ekonomikoa eman nahi izanez gero aukera izango du asteburu honetan Grafik-ek Laudion duen biltegian.
Euskalakari gara euskara maitatzen, ikasten eta erabiltzen dugulako.
Gu euskalakari, zuek euskalakari, denok euskalakari!