KRONIKA

Martxa baten lehen notak

Erabiltzailearen aurpegia Haizea Urkixo Gorostiaga

Gazaren aldeko martxaren irudi bat. / Haizea Urkixo

Gazarako Martxa Globalean parte hartu ostean egindako gogoetak hitzez adierazteko beharretik jaio da testu hau.

Minak mugitzen gaitu  

Horrela da, martxara joateko bulkada askorentzat barrutik jaio zen. Gure baitan pilatutako mina, frustrazioa, egonezina... Egunero irensten ditugun irudiak, gorputzak, oihuak, sarraskia. Eta horien aurrean ezer ez egitearen sentipen kolektiboa ezinegon bihurtu zen. Nire kasuan —eta uste dut ez naizela bakarra—, joatea erabaki nuenean lasaitasun arraro bat sentitu nuen. Ez ausardiaz, ez ziurtasunez, baizik eta zama bat kentzearen arintasunaz: ezintasuna beldurraren gainetik zegoen. Ezin nuen jarraitu ezer egin gabe. Minak mugiarazi ninduen. 

Palestinarekiko elkartasuna ez da erantzun sentibera bat soilik. Ez da enpatia hutsa. Posizionamendu politikoa da, eta horrek subjektu gisa berreraikitzea eskatzen digu

Baina horrek ez du berez ekintza legitimorik egiten. Ekintza bat ez da berehala moralki zilegi bihurtzen, eta, noski, martxara joan ez direnak ez daude gure azpitik. Ez da gutxiago egitea. Ez da gutxiago sufritzea. Aitzitik, ardura politikoa da ulertzea testuingurua, baldintzak eta borrokatzeko moduen aniztasuna. Horregatik, nahiz eta ekintzaren lehen bulkada indibidualista izan, ezin da hor gelditu. Ekintzak ez du aski gure barneko lasaitasuna bilatzeko egiten bada. Minak mugiarazten gaitu, baina min hori kolektibo bihurtzen denean soilik hasten gara sistemari benetan aurre egiten. 

Ekintza guztiak kontraesanez beteak daude 

Ez bagara prest gure indibidualtasunetik ikusteko modua eraldatzeko, boterearen logika berak irentsiko ditu maiz gure ekintzak. Horregatik da beharrezkoa etengabe gure burua interpelatzea: gure posizioetatik, gure kontraesanetatik, gure pribilegioetatik abiatuta, galdera politiko zuzenak egitea. Zertarako ari gara hau egiten? Norekin? Norentzat? 

Martxa ez da nahikoa, baina beharrezkoa da  

Martxak ez du genozidio bat gelditzen. Ez du sistema kapitalistaren logika koloniala hausten. Ez du arrazakeria instituzionala ezabatzen, ezta estatuen konplizitatea desegiten. Ez du klase dominatzailearen aparatua kolokan jartzen, ez eta nazioarteko erakundeen ezintasuna konpontzen. Ez du martxak mundua aldatuko. Eta, hala ere, beharrezkoa da. Ez berehalako eraginkortasun estrategikoagatik, baizik eta posizionamendu politiko kolektiboaren forma bat delako. Gorputzak jartzea da, lekua hartzea, oihuari erantzutea.

Guretzat, martxa ekintza politiko kontziente bat izan da: klase-posizio jakin batetik egina, borroka kolektibo baten parte, zapalkuntzaren aurka eta duintasunaren alde

Ekintza politiko bat da, eta kontraesanez betea dago. Izan ere, ekintza politiko guztiak kontraesanez zeharkatuta daude, are gehiago zapalkuntza-sistemek hain fin eta sakon funtzionatzen dutenean. Martxa ez da garbitasun ideologiko baten isla, ezta estrategia "zuzena", "eraginkorra" edo "iraultzailea" ere.

Martxa hau zenbait lekutan "apolitiko eta bakezale" gisa aurkeztu bada ere —eta batzuek hala bizi izan badute ere—, parte hartzaile askok ez dugu horrela definitzen. Bakezaletasuna ez da neutralitatea. Apolitikotasuna ez da botere harremanetatik aldentzea. Guretzat, martxa ekintza politiko kontziente bat izan da: klase-posizio jakin batetik egina, borroka kolektibo baten parte, zapalkuntzaren aurka eta duintasunaren alde. Hori da, hain zuzen, ekintza baten benetako posizionamendua: kontraesanak aitortu eta horien gainetik kolektiboki kokatzeko ahalegina egitea. 

Hara joatea pribilegioa da  

Gure gorputzak han egotea ez da sinbolikoa soilik. Han egoteko aukera bera pribilegioaren adierazgarri da. Ez gara han egon Palestinaren mina guk geuk bizi dugulako, baizik eta mundu honetako europar pribilegiatu gisa egoteko aukera izan dugulako.

Pribilegioa gure burua auzitan jartzeko erabiltzen ez badugu, elkartasunaren diskurtsoa hutsaltzen da

Eta horregatik, gure ekintza bera ezin da ulertu botere harremanetatik kanpo. Pribilegioa da bidaiatzeko aukera izatea; pribilegioa da mugan gelditu eta etxera bueltatzeko askatasuna izatea. Eta pribilegio hori gure burua auzitan jartzeko erabiltzen ez badugu, elkartasunaren diskurtsoa hutsaltzen da. 

Guretzat, han egotea arriskua kudeatzea izan zen, bai, baina askotan kontrolpeko arriskua. Horrek ez du ekintzaren balioa kentzen, baina posizionamendua garbi edukitzea eskatzen du. Ez ginen joan "ezdeusetik". Ez ginen "besterik ez genuelako" joan. Gure pribilegioari tiraka mugitu ginen, eta hori da politizatzea dagokigun lehen pausoa. Ez da eguneroko ohikotasunaren inertziari eustea, baizik eta kontra egitea: ordu batzuez, egun batzuez, eta batez ere, elkarrekin. Kontzientzia hartuta, jakinez noren lekua ari garen zapaltzen, eta zeren truke. 

Israel: botere koloniala eta ilegitimoa  

Palestinakoa ez da gertakari salbuespen bat. Ez da salbuespen geografiko bat, ezta "gatazka historiko konplexu" bat ere. Palestina mundua ulertzeko leku bat da. Eta gaur, mundua ulertzeko lekurik gordinena.

Palestinaren aurkako indarkeria sistematikoa Israelgo estatuaren oinarri bera da: ilegitimoa da, bortxaz eraikia, garbiketa etnikoan eta apartheidean sustraitua

Genozidioa ez da modu isolatuan ulertu behar, ezta gorrotoaren espresio huts gisa ere. Genozidioa botere politiko, ekonomiko eta militar baten egiturazko adierazpena da, eta horrek sistema oso bat ulertzea eskatzen du: kapitalismo kolonial eta arrazista. Ez da gertakari isolatu bat, ez da "gatazka" bat. Palestinaren aurkako indarkeria sistematikoa Israelgo estatuaren oinarri bera da: ilegitimoa da, bortxaz eraikia, garbiketa etnikoan eta apartheidean sustraitua. 

Israelek darabilen indarkeria ez da soilik hesi edo bonba forma hartzen duena. Indarkeria da lurraren lapurreta, errefuxiatuen kriminalizazioa, hornidura galaraztea, laguntza medikoa ukatzea, informazioaren blokeo sistematikoa. Eta hori guztia ez litzateke posible aliantza ekonomiko eta geopolitikorik gabe: Estatu Batuak, Europar Batasuna, multinazionalak, finantza-erakundeak, armagintza industria... sistema oso bat da, kapitalaren esplotazioan oinarritua, eta Israelek haren tresna gisa funtzionatzen du. 

Eta gu, martxan parte hartu dugunok, sistema horren parte gara. Palestinaren minari begiratzen diogu europar mendebaldetik, kapitalismo globalaren bihotzetik. Eta horrek ez gaitu kanpo uzten: erdigunean kokatzen gaitu. Konplizitate posizio batean. Horregatik da hain garrantzitsua ulertzea elkartasuna ez dela emozio bat soilik, ezta diskurtso estetiko bat ere, baizik eta jarrera politiko zehatza. Galdera argiak eskatzen dizkigu: Non gaude zapalkuntza harreman horretan? Zein baliabide eta pribilegio ditugu? Zer egingo dugu horiekin? 

Elkartasuna jarrera politiko zehatza da

Ez da nahikoa "gertatzen ari denarekin ados ez gaudela" esatea. Ezta gaitzeste hutsa ere. Egiten duguna da gakoa, baina baita egiten ez duguna ere: isiltasunek ere zerbait esaten dute. Gure ekintzek —eta isiltasunek— sistema elikatzen dute, eta horregatik, ekintza kolektiboak —bere mugak eta kontraesanak onartu arren— gure burua eta gure kokapena harreman ekonomiko-politikoetan zehazki ulertzea eskatzen du. Posizionamendua ezin da abstraktua izan. 

Porrotaren itzalean, kolektibotasunaren indarra  

Ez zen martxa lineala izan. Ez espazioan, ez emozioetan. Ez ginen Gazara iritsi, ez genuen helburua bete, eta hala ere, bideak ez zuen horregatik indarrik galdu. Checkpoint bat, beste bat, atxiloketa mehatxuak, informazio eza, tentsioak... baina baita zaintza, umorea, elkartasuna eta irmotasuna ere. Kairon elkartu ginen hainbat lagun. Pisuan sartu ginen lehen aldiz elkar ezagutzen ez genuenok, baina hitzez baino lehenago begiradek konexio bat sortu zuten. Nazio, hizkuntza, genero eta borroka desberdinetatik gentozen, baina bazen zerbait ulertu gabe partekatzen zena: sistema hau ez dela bidezkoa, eta ez dela isilik geratuz konpontzen. 

Gorputza han egotea ez zen metafora: mugimendua, tentsioa, arriskua, ezezaguna... horiek guztiak arnasaren barruan eramaten genituen. Batzuk atxilotu zituzten, beste batzuek ezin izan zuten hoteletik atera, eta hala ere zaintza sareak aktibatu ziren. Horrek indarra eman zion martxari, ez soilik hara iritsitakoen artean, baizik eta etxetik segika eta laguntzen aritu zirenekin batera osatutako elkartasun politiko eta afektiboaren ehun zabal eta sendo batek elikatuta. 

Gorputzak jartzea da, lekua hartzea, oihuari erantzutea 

Desobedientzia zibila ez da ekintza itxi bat. Desobedientzia sistemaren logikatik ateratzeko saiakera bat da, baita haren barruan egonik ere. Eta horregatik du zentzua: ez delako garbia, ezta erosoa ere, baizik eta praktika kolektiboen bidez posizio bat artikulatzeko aukera. Ez da zuri edo beltzean marrazten den borroka; grisean kokatuta ere, kokapen horrek balio politikoa du. 

Karga polizialaren aurrean, azken uneraino eutsi genuenok autobusetan sartu gintuzten. Hasiera batean, ekintza horrek berak porrotaren irudi kolektiboa zekarren: boterearen agindua betetzen ari ginen, eta aginte horrek espazio fisikoaren kontrolaz gain, porrotaren esanahi sinbolikoa ere inposatu nahi zuen. Baina poliziaren boterea ez zen soilik fisikoa. Sinbolikoa zen: nor zapaltzen den, nork agintzen duen, noren espazioa den, nork mugitzen duen nor. Eta hori ez zen soilik uniforme batekin agertzen. 

Ez zen polizia bera agertu martxa desegitera, baizik eta matoiak: identifikaziorik gabeko gizonak, bortitz eta zigorgabe jardun zutenak, Estatuaren jarraibideei jarraiki baina haren babesean ezkutatuta. Ez ziren parapolizialak, ez zuten zilegitasun instituzionalik, baina bai Estatuaren baimena. Eta horrek erakusten du boterea ez dela beti ofiziala edo aurpegiduna. Batzuetan boterea da isilpean agintzea, eta agindua beste batzuek bete dezaten uztea.

Horrela saiatu ziren gu "galtzaile" bihurtzen: banan-banan autobusera sartuz, bakoitza bere isiltasunaren zama barruan eramanda, porrot kolektibo bat gisa eraiki nahian. Baina ez zuten lortu. Autobus horretan, talde bat izatearen esperientzia ez zen eten. Aitzitik, bertan berriz elikatu zen. "Galdu" genuen une horretan bertan, elkarrekin kolektibizatu ginen, eta indartu. Elkar begiratu, elkar ukitu, elkar ulertu genuen isilean. Poliziak ez zekien erresistentzia bera elkartzen ari zela mugimendu horren bidez. Ez zuten ulertu zerbait fisikoki banatzeak ez zuela zertan banandu gorputz politikoa.

Martxa Palestinatik hasten da, eta han jarraitzen du: Gure urratsa, gure mina, gure frustrazioa, horren oihartzuna baino ez dira

Autobus horietan, hutsaltzat jo litekeen momentu horretan, gertatu zen esperantza berriro pizteko zerbait. Agian ez genuen ezer lortu taktikoki. Agian ez genezakeen ezer gehiago egin. Baina hor geunden. Eta indibidualki banatuta sartu arren, kolektiboki irten ginen. Norbanako bezala sartu izan arren, talde moduan irten ginen. Eta horrek eraman gintuen aurrera. Beldurraren eta neurritasunaren artean, esperantza eraiki genuen gorputzez, elkarrizketaz, begiradaz, zaintzaz. Eta esperantza horrek ez zuen estrategia militar bat irabazi, baina esperientzia politiko kolektibo baten zentzua utzi zigun. 

Eta hala ere, beharrezkoa da 

Ez eraginkortasun estrategikoagatik, baizik eta posizio politikoaren praktika delako. Gorputzak jartzea da, lekua hartzea, oihuari erantzutea. Pribilegioaren lekukotasun zuzena da: europarrak gara, hara joateko, han egoteko eta bueltatzeko aukera dugunok. Eta horrek, kontzienteki probestuta, politizazio kolektiboaren ate bat ireki dezake. 

Ez dugu ahaztu behar: ez gara martxa honen abiapuntua, ezta bere bihotza ere. Martxa Palestinatik hasten da, eta han jarraitzen du. Gure urratsa, gure mina, gure frustrazioa, horren oihartzuna baino ez dira. Eta hala ere, zerbait ikasi dugu bidean: elkartasuna ez dela afinitatea, baizik eta praktika konprometitua, eta norbanakoaren ezintasunaren barruan kolektibotasuna egituratzeko saiakera. Eta bai, momenturen batean gure barrua lasaitu egin da, gure esperantza handitu. Ez delako porrotaren aurrean makurtzea, baizik eta galtzen irakatsi digutelako borrokatzen. 

Eta hor dabil, egunerokoari atxikita baina hortik ihesi ere bai, erradikaltasun apal baten ideia: ez da nahikoa jakitea sistema hau zapaltzailea dela. Ez da nahikoa sentitzea. Ekiteko bideak aurkitu behar ditugu. 

Eta orduan, azken isilune horretan, Mikel Laboa datorkigu gogora: 

"Batek goserik dirauen eino, ez gara gu asetuko. Batek loturik deino, ez gara libre izango”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide