IRITZIA

Zein konplexua den geopolitika, ezta?

Erabiltzailearen aurpegia Haizea Urkixo Gorostiaga 2026ko maiatzaren 24a

Palestinar herriari elkartasuna adierazteko ekimena Laudion./ Aiaraldea

Mapa handiez, estatu boteretsuez eta interes ekonomikoez hitz egiten digute beti. Baina batzuetan geopolitika ulertzeko nahikoa da basamortu erdian geldirik dauden autobus batzuei begiratzea.

Hemen gaude, Libian, 28 herrialde desberdinetako herritarrak. Palestinara heldu nahian. Ez armekin, ez botere instituzionalarekin. Gorputzarekin bakarrik. Presentziarekin. Eta horrek erakusten du askotan ahulen diplomazia zer den: tematzea, egotea, deserosotasuna onartzea eta munduak normaltzat eman duenaren aurrean “ez” esaten jarraitzea.

Kanpotik agian ez dirudi ezer mugitzen ari denik.
Baina mugitzen ari da.

2023ko urriaren 7az geroztik hilabete luzeak daramatzagu zuzenean genozidioaren irudiak ikusten. Eta hala ere, badirudi batzuetan ahaztu egiten zaigula nor den benetako estatu terrorista. Hainbeste normalizatu da palestinarren aurkako indarkeria, ezen beharrezkoa bihurtzen den noizean behin flotillako kideen atxiloketen moduko irudiak ikustea berriz ere arrakalak sortzeko estatu sionistaren kontakizunean.

Israelgo gobernuko kideen oldarkeriak, Ben Gvir bezalako faxisten inpunitateak eta nazioarteko aktibisten aurkako erasoek berriz biluzten dute estatu sionistaren benetako izaera. Batzuetan botereak gehiegizko harrokerian egiten du huts. Eta momentu horietan sortzen dira arrakalak.

1948tik dira 78 urte Palestinaren garbiketa etnikoa hasi zenetik.
2023ko urritik, Gazaren aurkako genozidioaren fase bortitzenetik, ia hiru urte.

Eta hala ere, herri palestinarrak jasandako suntsiketa material ikaragarriaren erdian, gero eta jende gehiagok sentitzen du Israelen zilegitasuna higatzen hasi dela.

Ez delako sostengarria herri baten suntsipenean oinarritzen den estatu bat betiko mantentzea.
Ez delako posible apartheida, okupazioa eta heriotza normaltasunez inposatzen jarraitzea eternoki.

Eta hemen, kanpamenduan, asko hitz egiten da horretaz.
Fedeaz.

Erresistentziaren oinarrietako bat dela diote askok. Eta fededuna izan ez arren, ulertzen dut zer esan nahi duten. Erresistitzeak berak zerbait eraikitzen duelako. Batzuetan garaipena ez delako berehala iristen. Batzuetan garaipena amore ez ematea delako.

Euskal Herrian ere ezagutzen dugu zerbait horretaz. Urteak eman zituzten batzuek zain, negoziatzeko prest zeudela erakusten, estatuak blokeoa eta umiliazioa bilatzen zituen bitartean.

Horregatik da hain zaila ahulen diplomazia eta gizarte zibilaren desobedientzia.
Momentuan bertan ia inoiz ez dakigulako zer ari garen benetan mugitzen.

Agian flotilla batek ez du blokeoa apurtuko.
Agian guk ez dugu Rafah zeharkatuko.
Baina agian estatu sionistaren gehiegikeriak munduaren aurrean berriz biluzteko balio izango du. Agian Libia edo Egipto mugitzera behartuko ditu. Agian herri gehiago aktibatuko ditu. Eta agian, denborarekin, gaur hemen gertatzen ari dena beste modu batean irakurriko da.

Eta hori da garrantzitsuena: Euskal Herrian eta mundu osoan gertatzen ari diren mobilizazio guztiek eta pertsona askok hartu dituzten posizionamendu pertsonalek balio dutela. Nahiz eta askotan txikiak edo eskasak iruditu. Sistemek behar dute gu etsita egotea. Isilik. Indibidualizatuta. Eta horregatik da hain arriskutsua elkartasuna antolatzea.

Horregatik, lasaitasuna. Pazientzia iraultzailea. Eta barne lana.

Batzuetan bost egun autobus artean egitea gogorra bada, irudikatzea besterik ez dago zer den herri palestinarraren egunerokoa, kartzela sionistetan edo setiopean bizitzea.

Bakoitza bere lubakitik.
Injustiziak amaitu arte.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide