"Argi daukat kartzelan sartuko nautela"

Erabiltzailearen aurpegia Hala Bedi Irratia 2017ko ira. 29a, 10:16
Alfredo Remirez. / aiaraldea.eus

ALFREDO REMIREZek urtebeteko kartzela zigorrari aurre egingo dio 2005ean sakabanaketa salatzeko panpina ateratzeagatik herriko jaietan. Hala azaldu du Halabedi irratian eginiko elkarrizketan. Atzo bere aldeko mozioa onartu zuen Amurrioko Udal Osoko Bilkurako gehiengoak eta gaur 20:00etan manifestazioa egingo dute herrian. Bilbo Zaharrean, aldiz, 20:30ean izango da kontzentrazioa.

Nola zaude epaiaren berri izan ondoren?
Ez oso ondo. 2005ean panpina ateratzeagatik, 2009an epaitua izatea eta 2017an jakinaraztea kartzela zigorra bete behar dudala ez da ongi etorria.

Hala ere, bolada horretan gauza gehiago gertatu dira, ezta?
2005ean sakabanaketa salatzeko panpina atera nuen preso baten argazkiarekin. Horren ondorioz, PPk eta berari lotutako zenbait lobbyk (Dignidad y Justiciak eta horrelakoek) salaketa jarri zidaten.

2009an epaitu ninduten eta urtebeteko kartzela zigorra eta 6 urteko gaitasungabetzea ezarri zizkidaten.

Gero, 2015ean "Operación Araña III" dela medio, atxilotu ninduten terrorismoa goratzea akusatuta berriro.

Aurten izan nuen epaiketa otsailean eta akordioa lortu nuen; ez estatuarekin nire askatasuna hitzartu nahi nuelako, baizik eta aurrekariak nituelako. Hortaz, adostu genuen 14 urteko gaitasungabetzea eta 2.400 euroko isuna.

Zer gertatu da orain? Aurreko gelak, 2009an epaitu ninduenak, alegia, berriro ireki duela 2005eko kasua eta aurrekaritzat jo dituenez, ebatzi du espetxera joan behar naizela.

Ematen du badagoela Alfredo Remirez kartzelaratzeko asmoa.
Hasieran ez nuen uste, baina "andereñok" mania didala pentsatzen hasi naiz. Ikusten dut bazutela interesa ni zigortzeko.

Beti jartzen dut adibide bera, baina arraroa da "Billy El Niño" torturatzailea, ehunka kasu dituena, Entzutegi Nazionaleko ate beretik sartu zela eta bertatik atera dela garbi. Ehunka biktimek salatu duten arren. Ni berriz, kartzelara sartu beharko naiz urtebetez.

Hortaz, bai, badirudi mania hartu didatela, baina ez niri bakarrik. Presoen alde eta egi bakarraren aurka gaudenon kontra jotzeko gogotsu dira.

Adierazpen askatasunaren aurkako erasoak direla esan duzu behin baino gehiagotan.
Atxiloketa bere testuinguruan jarri behar da. Nire azkenengo atxiloketa baino bi egun lehenago Gasteizko Herri Harresia izan zen. Oso arrakastatsua izan zen sozialki eta hedabidetan. Berez, atxilotu aurretik bota nuen azken txioa Herri Harresiaren aldekoa izan zen.

Egun batzuk geroago, ordea, hauteskundeak ziren. Nire ustez, propaganda gisa erabili gintuzten. Besteak beste, Cesar Strawberry Def Con Dos taldeko abeslaria ere harrapatu zuten oihartzun gehiago izateko.

Orokorrean, horrelako kasuetan, eskutitza bidaltzen dizute jakinarazteko deklaratu behar duzula. Eurak kontrolpean zuten nire bizitza, atzetik izan nituen eta bazekiten bizimodu arrunta nuela. Hau da, ospa egiteko arriskurik ez zegoela. Dena den, atxilotu behar ninduten, bestela argazkia galduko zuten.

Zu, Alfredo moduan, eta "@erreharria" moduan, oso ezaguna zara, balio izan du horrek gizartea astintzeko?
Nire lagunek egindako kanpainari esker, agian, adierazpen askatasunari buruzko eztabaida piztu da. Ematen zuen gaia ahaztuta zegoela: Egin Egunkaria, Egin Irratia, Ardi Beltza, Mozal Legea... bazirudien atzoko gauzak zirela, baina azken lau edo bost urteetan 50 lagunetik gora igaro gara Entzutegi Nazionaletik gure iritzia sare sozialetan plazaratzeagatik.

Nire kasuan, gainera, Galindori buruzko txiste txar bat kenduta, epaitutako txio guztiak izan dira elkartasunekoak. Pablo Gorostiagari ongi etorri txioa idazteagatik, adibidez. Guztioak ezagutzen dugu Pablo, 18/98 prozesuan epaitu zuten eta 8 urteko kartzela zigorra bete zuen. Tarte horretan bere emaztea hil zen eta ez zuen aukerarik izan agurtzeko. Pregoilari izateko hautatu zuten eta ez zioten utzi... hori 70 urte baino gehiagorekin. Nik egin nuen gauza bakarra izan zen ongi etorria eskaintzea, nahikoa zigorra bete ostean.

Hori, eurentzat, terrorismoa goratzea da, niretzat poztasuna adieraztea da pertsona bat herrira itzultzen delako.

Urtebeteko kartzela zigorra irmoa da eta zure abokatuak helegitea jarri du. Zein izango da ibilbidea?
Egia da helegitea jartzeko parada dugula, baina horrek ez du geldituko zigorra betetzeko agindua. Hortaz, nahiko argi daukat kartzelan sartuko nautela.

Edozein unean?
Espero dut, honetan, behintzat, gutun bidez jakinaraztea. Bestalde, eskerrak eman nahi dizkiot elkartasuna adierazi didan jende orori. Mila esker.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide