Erakundeek milaka euro gastatzen dituzte urtero publizitatean euren kanpainen, nobedadeen edo propaganda politikoaren berri emateko. Hau ez da berria: diru publikoa interes instituzionalerako erabili ohi dute Udalek, Aldundiek edo Jaurlaritzak. Arabako Aldundiak, adibidez, 594.718,79 euro gastatu zituen 2017an zeregin horretan. Hedabideetan erositako publizitateaz ari gara, besteak beste, ‘Hileko arabarra’, ‘Errenta’, ‘San Prudentzio’ edo ‘Errege Kopa’ iragartzeko. Erreportaje honen helburua herritarroi ezkutatzen diguten diru publikoaren inguruko informazioa argitzea da.
Arabako Aldundiak publizitatean inbertitzen duen diruaren %31,8a (189.475,35 euro) El Correo de Álava egunkarian inbertitzen du. Jaun eta jabe da El Correo herrialdean, besteak beste, publizitatean eta diru-laguntzetan laguntza gehien jasotzen dituen hedabidea delako. 2017an soilik, 73.000€ jaso zituen Euskao Jaurlaritzatik, “euskara sustatzeagatik”, Berriak arrazoi berdinagatik insitutzio berdinetik jasotzen duen kopurua bezala.
Batez beste, 3.343 egunkari saltzen ditu egunean Noticias de Álavak, El Correok Araban saltzen dituen 12.144 aleetatik oso urrun. Hala ere, publizitateari dagokionez, ez dago horrenbesteko alderik. Izan ere, 116.213 euro jaso zituen 2017an Noticias taldeko egunkariak, Vocento taldeko egunkariaren 189.475 euroen aldean.
Zaila da ulertzeko, baina are konplikatuagoa da ulertzea zergatik jasotzen duten bi egunkari horiek publizitate guztiaren %51a: 300.000 euro baino gehiago, Arabako Aldundiak 2017an 594.718,79 euro inbertitu zituenean publizitatean.
Datuek argi hitz egiten dute: nagusiki euskaraz aritzen diren hedabideek Arabako Aldundiak publizitatera bideratzen duen diruaren %7,4a baino ez dute jasotzen.
Arabako Aleak, Aiaraldeak eta Argiak batera publizitatera bideratutako 15.000 euro baino gutxiago jasotzen dituzte, Onda Cerok bakarrik jasotzen duena baino gutxiago. Eta hau, adibide bat baino ez da.
Beste adibide bat: nagusiki euskaraz aritzen diren hedabide guztiak batera kontuan hartuta, El Correo de Álavak baino askoz gutxiago jasotzen dute. %7,4 batzen dute denek, Vocento taldeko egunkariaren %31,8aren aurrean. Bi bloketan banatuz gero, El Correo de Álavak berak bakarrik, EITB Sustraiak, Berriak, Argiak, Aiaraldeak, Arabako Aleak, Aitzina Folkek, Hamaika TBk eta Gorbeiaberriak batera jasotzen dutena laukoiztu egiten du.
Nabarmentzekoa den beste datu bat honakoa da: Arabako lurralde osora hedatzen den euskarazko hedabide batek (Arabako Alea, kasu) eremu txikiagoan ari diren beste zenbait hedabidek baino publizitate-diru gutxiago jasotzen du. Publizitate inbertsioa irisgarritasunaren araberakoa balitz ere ez litzateke ulertuko diferentziaren zergatia.
*OHARRA: Jakina denez, Hala Bedik ez du publizitaterik jartzen. Berri hau argitaratuta, gure asmoa ez da geuk ere publizitate-dirua jasotzea, baizik eta euskarazko eta herri ekimeneko hedabideen eta nagusiki gaztelaniaz ari direnen arteko arrakala salatzea, diru publikoaren banaketaren arloan.