Martxoaren 11n, ostiralean, 19:00etatik aurrera, Laudioko Basalarrinan elkartuko gara berriro, oraingo honetan, Lanbas detektibearen ibilerez hitz egiteko, ohi bezala, ardo beltz gozo baten konpainian.
Izan ere, beltzetik dator gure hurrengo hitzordua, osagai klasiko guztiez bete-betea: hilketa makabroa, susmagarri gajoak, polizia inkonpetenteak, giro ilun zikina... eta denen buru hitzekin ukabilekin baino kolpe gogorragoak jotzen dituen Lanbas detektibea (etakide ohi, preso ohi, arte-salerosle ohi...).
Jon Alonsoren Hiri hondakin solidoak (Txalaparta, 2015) izango dugu hizpide Harri Orri Ar irakurle klubaren hurrengo hitzorduan, eta, ohi bezala, zu ere gonbidatuta zaude.