Joan zaizkigu beste lau urtaro, eta amildegitik gertuago utzi gaituen sentsazioarekin agurtu dugu urte zaharra. Izan ere, besteei begira geldi geratzeak hori dauka, goroldioa pilatzen duzula eta oinpeko zuloak ez diola sekula handitzeari uzten. Dortoka geldoak gara behelaino artean.
Eta besteek “intsumisioaren” bidea hartu dutela ematen duenean, hara non guk Michel Houellebecq gonbidatu dugun gurera, bide bakarra “Sumisioa” dela aldarrikatzera: “sumisiorik erabatekoena da giza zoriontasunaren gailurra”. Bere harrikada da. Gurea ere izango ote?
Anaiarte Musulmanaren gidaritzapean eta islamaren altzoan gozo biziko omen den etorkizuneko Frantzian egin dugu zita ostiralean, urtarrilaren 15ean. Laudioko Basalarrinaren egoitzatik abiatuko gara, ohi bezala, 19:00etan. Denontzako lekua (eta ardoa) egongo da.