Miles Archer bezain azkar joan zaigu Maltako Belatza. Agertu eta berehala ohartu gara zerbait ez zegoela ondo, lehenengo begi-kolpeak aire hutsa kolpatzen duela ia beti, iruzurra iruzurraren gainean pilatutako plastilinako munduan bizi garela. Eta gailurrean geundela uste genuenean, ilusio huts besterik ez zen dorrea amildu zaigu, eta berriro hastera kondenatu gaitu.
Eta berriro hasi behar badugu, bada, hasi gaitezen beste nonbaitetik. Hasi gaitezen, esate baterako, etorkizunetik. Hasi gaitezen amaieratik, nekatuta baikaude hasieratik hasi eta bidean beti estropezu egiteaz. Nekatuta gaude erori eta belaunak zauri irekiz beteta edukitzeaz. Horregatik, alderantziz egingo dugu. Horregatik, zauri irekiari gatza botatzen hasiko dugu orain bidea.
Gaurkotasun handiko liburu arantzatsu bat hizpide izango dugu hurrengo zitan: Michel Houellebecq-en Sumisioa (Meetok, 2015). Horra ahoa gazitzen hasteko liburuaren gaineko hitz batzuk. Eta gorde eguna zuen agendetan: urtarrilaren 15a, ostirala.