Azaroko egunek egunetik baino gehiago dute gauetik. Ilunaren eta ilunaren arteko tarte gero eta laburrago horri muzin egin, eta Harri Orri Ar irakurle klubak ere gau beltzari men egitea erabaki du.
Ez pentsa, hala ere, gure txalupa nahinora eramaten utzi diegunik modaren olatu apetatsuei. Harri Orri Ar klubean aurrea nola dantzatu behar den ikusteko, maite dugu atzeari begiratzea. Horregatik, iragan mende hasierara jiratu dugu burua, nobela beltzaren hastapenetako harribitxi batekin topo egin arte: Maltako Belatza.
Dashiell Hammett idazle eta ekintzaile komunista estatubatuarraren lanik ezagunenean (John Hustonek eraman zuen pantaila handira), Sam Spade-ekin egingo dugu topo, eskrupulurik gabeko ikertzaile pribatu emakumezalea, eta haren inguruan mugituko diren bestelako pertsonaia bitxi bezain enigmatikoekin.
Igela argitaletxe txiki bezain erraldoiari eskertu behar diogu klasiko handi hau gure hizkuntzara ekarri izana. Eta seguru gaude irakurtzen bezain beste gozatuko dugula liburuaren orrietan kontatzen direnen inguruko harrikadak botatzen. Ohi bezala, ardo artean. Hitzordua eginda dago: azaroaren 20an, ostiralarekin, 19:00etatik aurrera, Amurriko Mendiko Lagunak elkartearen txokoan.