Uda joan zaigu, eta gure eginbehar aspergarrietara itzuli bezain laster, ia mekanikoki, ispiluaren aurrean jarri gara. Eta, uda zoro baten ondoren, horixe garela ohartu gara, horixe besterik ez: ardo eta haragi. Haragi bigun eta eroria. Eta beti behar baino gehiago edandako ardo ez beti behar bezain ona (aii, euskal herriko txosnak, kaleko giroa…).
Eskerrak gure hustasun existentzialari aurre egiteko literatura daukagun (eta ardoa, noski). Horregatik bueltan da Harri Orri Ar irakurle kluba, eta irailaren 16an egingo dugu ikasturteko lehenengo zita, ohi bezala, 19:00etan Laudioko Basalarrinaren egoitzan.
Oraindik garaiz zaude Eider Rodriguezen “Haragia” irakurri eta harrikadak botatzera etortzeko (eta ardo ona edatera).
Topa!