Kito. Honenbestez, ikasturtea joan zaigu. Harri Orri Ar irakurle klubean, liburuetako orrialde eta botiletako ardoen artean ihes egin digu denborak (bai, hondartzako harea atzamarren artetik bezala, nola bestela literaturazaleen talde batean?!). Irakurgaiek buruan sortu dizkiguten zientoka harrikada jaurti ditugu, mingarriak batzuk, xaloak besteak, eta, noiz edo noiz, zurea ere bota dugu faltan, oraindik zure alea jartzera animatu ez zaren horrena.
Ostiral honetan, hilaren 12an duzu ikasturteko azken aukera. Agustin Arrieta-Urtizberea filosofo errenteriarrak idatzi eta Alberdaniak Zerberri bilduman argitaratutako Sinesmenak eta usteak saiakera izango dugu hizpide. Nekez egongo da hau baino publiko zabalagoarentzat den libururik, denok baikara uste (gehiegitan ustel) eta sinesmen (gutxiegitan fundamentuzko) ugariren jabe.
19:30ean elkartuko gara Laudioko Basalarrina elkartearen egoitzan. Eta solasaldiaren ondoren, datorren urterako plana zehazten hasiko gara, mokadu batzuen eta ardo basokada zenbaiten laguntzaz. Gonbidatuta zaudete.