Gas-ganberan hiltzera kondenatu beharrean, lokatzetan bizitzera kondenatzen zaituztenean, ezinbestean bizitzak bizitza izateari eta gizakiak gizaki izateari uzten diote; eta ihes egitea ez da gehiago aukera bat. Zorionez, berogailuak epeldutako gelan mila loredun ardoa eta gazta zatiak irentsi bitartean, giza miserien lokatz nardagarria apur bat eramangarriago gertatzen da, lohi izateari uzten ez badio ere.
Hala kontatu dizkigu Primo Levik Auschwitzeko kontzentrazio-esparruan iragan zituen egun itogarriak. Begirada biluziz, iritzi eta epaiez hustuta, baina esanahiez bete-beterik. Eta, esan gabe doa, Harri Orri Ar irakurle klubean pasio biziz aritu gara haren hitzez eta gure miseriez solasean, lokatzetan ondo zikindu arte.
Hurrengo hitzordua apirilaren 30ean izango da. Egun horretan, Mikel Ayllon idazle laudioarraren “Ez tiro egin anbulantziei” nobela berria hartuko dugu hizpide. Bitartean, gure armak letrez kargatuko ditugu, eguna heltzen denean, tiro egiteko prest egon daitezen.
Irakurketa on!