Ostiralean, martxoak 13 dituenean, Primo Leviren bisita jasoko dugu Harri Orri Ar irakurle klubaren Lagerrean. Oraingo honetan, Hau gizon bat bada bere lehenengo liburuarekin etorriko zaigu, eta nazien kontzentrazio-esparru beldurgarrietan gizonik bazen ala ez jakiteko solasean arituko gara, Leviren betaurreko biribilak jantzita.
Ohikoa den moduan, ez da faltako gurean jan-edatekorik. Oraingoan, baina, Levik esan digu aza-zopa eta ogi-zati txikiekin konformatu beharko dugula, huraxe baitzen marradun uniforme marruskatuez jantzitako presoen dietaren oinarria. Ikusiko dugu ardorik gabe gizon-emakume ba ote garen Harri Orri Ar-eko klubkideok.
Zuk ere Hau gizon bat bada nobela irakurtzen aritu bazara egunotan, gonbidatuta zaude gure Lagerrera. Amurrioko Mendiko Lagunak taldearen txokoan elkartuko gara martxoaren 13an, ostiralez, 20:00etatik aurrera.