Hiriak, hiritarren ahalduntzea, gentrifikazioa, materialismoa eta garagar-ardoak atzean utzita, Harri Orri Har irakurle klubak kasu berri bat dauka esku artean.
Klubaren hurrengo hitzorduan, Wilkie Collins ingeles idazlearen Ilargi-harria (Alberdania-Elkar, 2008) izango da protagonista. XIX. mendean idatzitako nobela hau ingeles literaturako lehen detektibe-eleberria dela esaten da, eta misterio-nobela modernoaren bidean jarri zen lehenengo harria. Zeinek egin diezaioke uko misterioz jositako ikerketa bihurri bati?
Bada, liburua irakurri ala ez irakurri zalantzan bazaude, kasu T.S. Eliot handiaren hitzei: “ingelesez idatzitako detektibe-eleberririk onena da”. Amen.
Urtarrilaren 23an elkartuko gara gu ere ilargi-harriaren bila abiatzeko, eta akaso, ardoari eta harrikadei laguntzeko, te eta pasta batzuk prestatuko ditugu propio okasiorako. Garaiz zaude, hortaz, zu ere liburua eskuratu eta irakurtzeko.
T.S. Eliot, biziko balitz, etorriko litzateke. Eta zu?