Euskal idazle gazte baten liburu arrakastatsuaren aitzakian, hamarnaka gai interesgarri aletu genituen iraileko Harri Orri Ar irakurle klubaren lehenengo saioan, Arabar Errioxako ardo beltz gozo baten (eta Idiazabalgo gazte ketu baten) laguntzaz, giro lasai eta, denon sorpresarako, ez bereziki txirriporroan.
Bai, gogotsu bazeunden ere, badakigu zuk ezin izan zenuela etorri, baina lasai, beste aukera bat izango duzu azaroan. Horretarako, hilabete daukazu hizpide hartuko dugun hurrengo liburua irakurtzeko, David Harvey geologo ingelesaren Rebel Cities. From the Right to the City to The Urban Revolution (Verso, 2012) (Gaztelaniaz: Ciudades rebeldes. Del derecho de la ciudad a la revolución urbana. Akal, 2013).
Pariseko Komuna, Occupy Wall Street, Londoneko kale-istiluak, Porto Alegre... munduko hainbat hiri bisitatuko ditugu, eta bertan ehuntzen diren botere harremanen inguruan hausnartzeko parada eskainiko digu saiakera interesgarri eta arin honek.
Azaroan, beraz, Harri Orri Ar-eko kideok argi daukagu gure apustua: ukabila itxita... harri!
Gogoan hartu hitzordua: azaroaren 21ean, ostiralarekin, 19:00etan Basalarrina elkartearen egoitzan. Eta ekin irakurketari!