Gaur euria egin du, eta zinez estonagarria izan da kalean udarekin topo egitea.
-Jaio eta berehalako negarrak ez al zaizkizu sekula baretuko? -galdetu diogu goitik behera bustitzen gaituen euri finarekin gogaituta.
-Negarrak baretzen nau ni, beraz, negar egin behar dut baretzeko, eta hala egingo dut hil arte. Baina nahi baduzu, harri orri ar egingo dugu, eta irabazleak erabaki dezala hemendik aurrerako nire tenorea.
Buruarekin baietz eginda onartu diogu desafioa.
-Harri, orri, ar!
Guk, eskua luze, orria. Ezin zuen bestela izan. Udak, ordea, bi atzamar besterik ez. Artaziak. Akabo!
Hortaz, bai: euriak ez du etenik izango uda honetan. Beraz, zer hoberik irakurtzea baino? Etxearen epelean ala lurralde urrunen babespean. Nahinon, baina liburua beti eskuan.
Harri orri ar irakurle klubak proposamena egin nahi dizu: uda honetan, irakur ezazu Danele Sarriugarteren “Erraiak” nobela, eta irailean etorri zaitez liburuaren inguruko gorabeherez berba egitera.
2012an idazle gazteentzako Igartza beka eskuratu zuen Sarriugartek, eta sari horri esker, 2014an “Erraiak” nobela ekarri digu, argitaratu eta berehala kritika on ugari jaso dituena. Hasi eta buka begiak (eta belarriak) zabal-zabalik irakurriko duzun liburua da. Abisatuta zaude.
Behin liburuaren ORRIak irakurrita, irailaren 19an elkartuko gara buruan pilatu zaizkigun HARRIkadak askatzeko, ARdo gozo baten laguntzaz. Bitartean, irakurketa on!