Eskolatik atera eta ikasle andana elkartu ginen ikastetxearen atzealdean, gauza debekatuak egiten ziren lekuan. Borobilean jarri eta bizkar atzean ezkutatu genituen eskuin ukabilak. Begirasun pisuak egin genizkion elkarri, ahotsa gorputza bezain lodi zuenak noiz seinalea emango.
-Harri… orri… ar!!
Eta aurrealdera luzatu zituzten denek besoak. Denek, guk izan ezik. Geroztik, denbora luzez, trufa guztien jomuga izan ginen.
Guri ere ahotsa loditu zitzaigunean ulertu genuen aukera baten alde egiteak beste guztiak alboratzea dakarrela. Zergatik baztertu, bada, maite dugun hori? Ze guk, lehen eta orain, maite dugu buru barruko HARRIkadak kanpora ateratzea, liburuetako ORRIaldeak irakurtzea eta ARdo txar, erdipurdiko eta onak edatea.
Zu ere gureetakoa bazara, etor zaitez ekainaren 20an, ostiralarekin, 19:30ean Basalarrinara. HARRI ORRI AR irakurle klubaren aurkezpena egingo dugu uda hasi bezperan, ez dadin falta jaurtitzeko harrikadarik, irakurtzeko orrialderik eta edateko ardorik. Gonbidatuta zaude.