Zorionak Ander! Denboraldi amaiera paregabea izan duzu Espainiako Txapelketan. Espero zenuen horrelako emaitza izatea?
Ez, sorpresa handia izan da onenen artean amaitzea. Azken urteetan gogor entrenatu dut, triatloilari onenekin. Horregatik, nire errendimendua ona izan, da eta emaitza on batzuk izan ditut. Banekien onenen artean egon ahal nuela, baina ez nuen espero horrela amaitzea.
Badakigu, oso gaztea izan arren, azken urteetan goi mailan aritu zarela, duatloietan zein triatloietan. Zeintzuk izan dira zure emaitzarik edo garaipenik nabarmenenak?
Bai, 7 urte egon naiz triatloian federatuta, eta kadete kategorian nengoenetik aritu naiz Euskadiko senior kategorian, proba guztiak batera egiten direlako. Dudarik gabe, orain lortutakoa izan da garrantzitsuena, 23 urte beherako triatloi krosaren Espainiako Txapelketa, eta 3. postua elite kategorian. Baina, oso garrantzitsuak izan ziren ere niretzat duela 4 urte lortutako munduko 4. postua eta Espainiako lehenengoa izatea junior mailan.
“Aste arrunt batean 20 bat ordu erabiltzen ditut entrenatzeko”
Horrelako ibilbidea izanda, geratu al zaizu helbururen bat bete gabe triatloiaren esparruan?
Denok dakigu horrelako kiroletan asteburu txar bat izaten baduzu postu onenetatik kanpo geratzen zarela. Horregatik aukeratuko nuke Espainiako Duatloi Txapelketa, han ezin izan dudalako emaitzarik onena lortu.
Triatloian aritzeko entrenamenduak gogorregiak dira kirolari arruntentzat. Nolakoa izan da zure prestakuntza azken denboraldietan? Zenbat saio eta ordu erabili dituzu astero?
Normalean, aste arrunt batean 20 bat ordu erabiltzen ditut entrenatzeko, igeriketako bost saio, txirrindularitzako zein atletismoko hiru sai, eta beste bi gimnasioan, Mikel Ugartek, nire entrenatzaileak prestatuta. Denboraldiaren garaiaren arabera, karga aldatuz joaten gara, hainbat lan mota betetzeko, lehiaketa moten arabera betiere. Triatloi krosa, sprinta edota beste frogak egutegian baditut, helburu ezberdinak izango ditut prestakuntzan.
“Hemen, etxean, inguruan, ia denetarik daukat entrenatzeko”
Laguntzarik izan duzu hainbeste lana aurrera eramateko?
Bai, orain arte Alusigma Peñota Dental taldetik behar izan dudan materiala eta bidai gastuak ordaindu dizkidate. Prestakuntzan edota beste arloetan ez dut askorik izan behar. Hemen, etxean, inguruan, ia denetarik daukat entrenatzeko. Prestaketetarako, kirolari talde on bat dugu eskualdean, korrika egiteko edo bizikletaz ibiltzeko. Igeri egiteko pena da instalazio hobeak ez izatea, baina entrenatu, entrenatu daiteke.
“Txirrindularitzak dituen aukerak triatloikoak baino hobeak direlako erabaki dut kirol hori praktikatzera pasatzea”
Beste alde batetik, badakigu datorren denboraldian txirrindularitzan arituko zarela. Zerk bultzatu zaitu horrelako erabaki bat hartzera?
Erabakia hartuta neukan. Pasa den denboraldian Panamako Tourrean froga bat egin nuen taldearekin, eta gustora ibili nintzen, triatloioko prestakuntza izan arren, errendimendu ona lortu nuen eta. Beraz, aukera izanda, txirrindularitzak dituen aukerak triatloikoak baino hobeak direnez, erabakia hartu nuen.
Etorkizunari begira txirrindularitzan zentratuko zara ala badituzu beste helmuga edo amets batzuk?
Printzipioz, datorren denboraldi osoa txirrindularitzan egongo naiz, eta denboraldi amaieran, emaitzak eta errendimendua ikusita, erabakiko dut zer egingo dudan hurrengoetan.
Zein izango da zure taldea? Zein mailan arituko zara?
Bizkaiko Eiser Hirumet-en arituko naiz, Elite mailan. Talde ezaguna da niretzat, entrenamenduetako kide eta lagun batzuk han aritu baitira.
Zein izango da zure rola taldean? Zeintzuk dira zure helburu pertsonalak?
Oraindik ez dakigu. Aste batzuk barru hasi behar naiz entrenatzen, eta ikusiko dugu zeintzuk izan ahal diren.
Baduzu proben egutegia egina ala denboraldian hasieran erabakiko dituzu taldeko arduradunekin?
Ez, taldeko arduradunekin prestatu behar dut. Baina, hori egin baino lehen, entrenatzen hasi behar dut.