Ostiralean Laudioko Areta pilotalekuan jokatutako norgehiagokan Lazkaoko Zubizarreta gaztea 14-22 menderatuta, Arabiourrutia Euskal Herriko Lau eta Erdiko Elite Txapelketako finalerdietan sartu den hirugarren pilotaria izan da.
Atxartekoa Abadiñoko klubeko hurrengo kanporaketarako sailkatu den bigarren kidea da, izan ere, hasierako jardunaldian, Aspuruk Txukun Lakuako Perezi 16-22 irabazi zion.
Dagoeneko izen bat besterik ez da falta txapelketa honetako finalerdiak osatzeko, ostiralean, Aretan bertan, Usurbilgo Pagazpeko Quina eta Mungiako Danak Bateko Madariaga aurrez aurre egongo baitira. Garaileak hilaren 25ean Arabiourrutiarekin neurtuko ditu indarrak eta beste finalerdiko protagonistak Aspuru eta Salaberria naparra izango dira. Final handia abenduaren 2an ospatuko da.