Udal Gobernu taldeak atzo plazaratutako ohar-prentsaren aurrean, Herriarenak kuadrillak honakoa eman nahi du jakitera:
Herriarenak kuadrillari Josune Irabien buru duen Gobernu taldearen jokaera larria eta arduragabea iruditzen zaigu. Kaleratu duen ohar-prentsak, planteatzen dituen helburuak hurbildu beharrean, hau da, jai lasaiak eta istilurik gabekoak, tentsioa areagotu eta foko mediatikoa Amurrioko jaietako txupinazoan jarri besterik ez du egiten. Uste dugu Josunek eta bere taldeak, berriro ere, gure kuadrilla jomugan jarri nahi izan dutela, horrek ekar ditzakeen ondorio larriak kontuan izan gabe.
Sortutako egoera ikusita, Udal Gobernuaren jarrera salatzeko eta herriko jaiak ondo joateko erantzukizuna geure gain hartuta, HERRIARENAK jakitera ematen du txupinazo egunean, jaien ordezkariak izendatzeko ekitaldian gure kuadrillak ez duela inolako panpinarik eramango.
Josune Irabienek txupinazoan eta Amurrioko jaietan berriro polizia eta justizia tartean sartzea nahi baldin badu eta, honela, gizarte osoak gainditutzat ematen zuen garaira bueltatu, gurekin ez kontatu, gurekin jai daukazu. Udal gobernu taldeak, egun bidegabeki kartzelan dauden Alfredo eta Julen gure kuadrillakideen inguruan sortutako polemika ikusita, gogorarazi nahi dugu bai Amurrio herriak, mobilizazioaren bitartez, bai Amurrioko Udalak, zenbait mozio onartuz, zenbaitetan salatu duela egungo bere egoera bidegabea eta behin eta berriro eskatu duela aske uztea. Aldarrikapen hauek eta bere oroipenak kaleetan egon behar dute eta, zalantzarik gabe, herriko jaietan ere bai.
Honelakorik berriro gertatuko ez den itxaropenez, amurriar guztiei opa diegu beti bezala edo gehiago goza dezaten Amurrioko jaietan.
Ondo pasa jaietan!!!
Julen eta Alfredo Herriarenak dira!