Azkenaldi honetan, umeei barregura ematen dien esaera hau nahi baino askoz gehiagotan esan eta entzun izan dugu Aretako herritarrok. Izan ere, egunero eramaten du umeren batek etxera "oparitxo" itsaskorren bat bertako parketik. Eta, norenak dira? Txakurrenak, noski.
Barregarria iruditzen zaizu? Zoriona ekartzen duela kaka zapaltzeak? Ba zin egiten dizut ez dela batere barregarria zotz batekin zure seme- alabaren oinetakoen zoletatik gorotza ateratzea. Bat ere ez. Eta zorte txarra nahiago.
Tamalgarriak zein ohikoak dira Aretako parkean gurasoen oihuak: kontuz txakur kakekin! Eta umeak belarretan saltoka ikustea, alde batetik bestera, 1990. hamarkadako "humor amarillo" saio famatuan ibiltzen ziren moduan.
Baina ez da leku bakarra, aspalditik Bide Zaharretatik osteratxo bat egitea "ezinezko misioa" bihurtu da lurrera begiratu gabe. Espaloitik zein bidegorritik saihesten ibiltzea kirol bihurtu da.
Baita txakurren jabe batzuentzat modan jarri den Aretako eskolara doan bidetik ere. Bertan, egunero, bai lorategi txikian landatuta bai bidean ere lau hankadun lagunen arrasto freskoak topatu ahal ditugu. Hain larria bihurtu da egoera non eskolak berak, zein Guraso Elkarteak eskolarekin elkarlanean, ekintza bereziak egin behar izan dituzten egoera salatzeko. Besteak beste, argazkiak atera eta txostenak bidali dituzte udaletxera. Azkenik, Guraso Elkarteak bultzatuta, eta txakurren jabeak kontzientziatzeko asmoz, eskolako bidean eta lorategian bertan, ikasleek ekoiztutako kartelak jarri izan dituzte. Hala ere, momentuz, eragin gutxi izan dute ekimenek, eta erantzun lotsagarri batzuk jaso dira gainera. Benetan lotsagarriak.
Esan bezala, egoera hau aspalditik dator. Udalak hainbeste maite dituen Auzo Batzarretara askotan eraman da gaia eta Aretako herritarrek zein eskolako Guraso Elkarteak beste hainbestetan udaletxera deitu dute honen berri emateko. Eta zein izan da honek ematen duen erantzuna/konponbidea? Ba txakurren kakak jasotzeko poltsak jartzea edota, egoera ikustekotan, txakurren jabeak salatzea. Lehenengoa, ikusi denez, ez da eraginkorra. Poltsak aspalditik daude eta arazoak jarraitzen du. Eta bigarrena, herritarra herritarraren kontra. Benetan satorraren ipuinean bezala, kaken jabea bilatzen hasi behar gara? Herritarrak, momentuz, ez gara poliziak. Ez dakit noiz arte.
Konponbidea erraza da, txakurraren jabeak jaso dezala, nik argi daukat. Berea da txakurra, berari dagokio. Sinplea bezain azkarra. Baina, norena da erantzukizuna? Txakurrarena? Jabearena? Udalarena? Argi daukat ere bai: erantzule nagusia jabea da, baina bakarra ote da? Eta, orduan, zer egin? Parkea eta eskolako bidea txakurrentzako debekatzea? Txakurrentzako toki berezia bat sortzea? Neurri ezberdinen konbinazioa agian? Ez dakit eta ez dagotik erantzuna ematea, baina bitartean egoera pairatzen dutenak umeak dira. Ezin dira eskolara lasai joan? Ezin dira askatasunez parkean jolastu?.
Argi dagoen gauza bakarra da ahalik eta lasterren egoera hau bukatu behar dela. Nik ere, umeak bezala, barre egin nahi dut kaka hitza entzuterakoan, eta ez txakur jabe hezigabeez gogoratu.