Elikadura Burujabetza kontzeptua jaio zenetik, Aiaraldean arrakasta eredutzat jo daitekeena garatu dugu pertsona askoren lan isilari esker. Edozein erdipurdiko kapitalistak ere horrela ulertuko luke, bere klase interesen aurka joango ez balitz. Baserri askok gazte berriak, jarraikortasuna eta bideragarritasuna topatu dituzte, eta herriak eurak auto-antolakuntzan ari dira elikaduraren gaineko erabakitze eskubidea burutzeko.
Teoria iraultzailea ekintza eraldatzailea bihurtu dugu. Bai, egun gure elikaduraren gainean erabakitzea iraultzailea delako. Baserritarrek gizarte osoari bota zioten proposamena, eta orain, eraldatzaileak izan nahi duten beste indarrei ekintzarako metodologia eskaini egiten die.
XXI. mendeko prozesu eraldatzaileen argazki epikoa ez da izango miliziano batena txokorra erretzen atsedenaldi batean, baizik eta alternatibak sortzen aritzen diren pertsona guztien eguneroko lanarena. Zenbat eta arinago ulertu, orduan eta mamu gutxien jaioko dira garai argilun hauetan, eta are eta ahulagoak izango dira gerora akabatu beharko ditugun munstroak.
Ez gara zerotik hasten ari, gure herria lur emankorra da. Eskerrik beroenak emankortasun hori mantentzeko bizarra luze utzi zuten kide guztiei. Orain gure txanda da. Topera gaude emaitza oparoak izango dituzten milaka ideia lantzen!