Badakizue Saguen Herri honetan parlamentua osatu dugula, katuek osatutako parlamentua hain zuzen ere. Jakin badakizue ere, gutxi gora behera hamar urteetan behin, katuen arteko katu handienaren bisita pairatzen dugula.
Saguen Herri honetako katuak osatutako parlamentuak komisio bat sortu du, katu erraldoiaren bisita ahal den modurik erosoen eta modu ez traumatikoan pasa dezagun. Urkullu izenak irribarrea pizten dion esatariak berpizte ekonomikorako komisioa deitu zion telebistan, beraz egia izango da.
Orain aste batzuk, komisio horretara gonbidatu gintuzten eskualdeko sagu batzuk. Ez ginen gu bakarrak izan noski, gurekin batera beste sagu batzuk gonbidatuta zeuden, gulako sagu argalak, sagu potoloak, eta baita ere katua izan nahiko zituzten saguak topatu genituen korridorean.
Guk, gajoak, pentsatzen genuen katu erraldoi horren sortutako zorigaitzen inguruan hitz egitera gindoazela, baina katuek ez dute inoiz onartzen beste katu batek, handiago bada ere, zorigaitzarik ekar dezakeenik,eta telebistako esatariak jarritako mugarrietatik ez zutela mugitzeko gogorik argi eta garbi utzi ziguten gure entzuleek.
Berbaldia egin, eta ez da adostasunik egon ez zenik, ez genuen elkar ulertu txarragoa dena. Komisio horretako katuek, istoriokoek modura, prest daude eztabaidatzeko zenbat atzapar sar ditzakeen katuak sagu-zuloan sagua harrapatzeko, baina entzun behar badute; ez bat, ez bi, atera atzaparrak gure eskualdetik! burua eztanda egiten zaie, ez baitira katurik gabeko herria imajinatzeko kapazak, eta katuaren atzaparkada ahal den eramangarrien bihurtzen saiatuko dira soilik.
Eskualdera bueltan buruari berriro eragiten … Mouseland ipuineko sagu horien momentuan egongo ote gara ? Kartzelaratuko dugu guk garela gure etorkizuna eraikitzeko arduradunak esango digunari? Ala behingoz , katuen oniritziaren zain egon barik etorkizuna erabakitzen eta eraikitzen hasiko gara eskualdetik eta eskualderako?
Artikulu hau HalaBedi.eus webgunean argitaratu da eta Creative Commons lizentzia baliatuta ekarri dugu hona.