Dena ikusita genuela uste genuenean, Udal Hiltegiko instalazioak Gazte Asanbladari eskaini dizkietela jakin izan dugu. Burutaziotik harago, ideia honek, inprobisazioa ezkutatzen du, publikoaren ikuspegi eskasa baina, batez ere, aurrerantz ihes egiteko asmoa.
Bitxia da militantzia borondatez eta eskuzabaltasunez garatzen duten Gazte Asanbladako partaideek udal-arduradunek beraiek baino ikuspegi estrategiko handiagoa erakustea eta proposamenari uko egin izana.
Baina ostera ere argi gelditu da Lean Managementen bernizaren azpian, hazkunde kolektiboaren eta lidergo pertsonalaren irudiaren azpian, komunikazio estrategiaren azpian, autolaguntza-libururen batetik ateratako lau lelo merke baino ez daudela, eta udalerriak dituen arazo estrategikoei aurre egin gabe denbora pasatzen uzteko politika zahar eta zaharkitua besterik ez.
Okerrena da horrelako jarduerek udal-kudeaketarako lau urteak baino iraunkorragoak diren gizarte-hausturak sortzeko arriskua dutela. Eta haustura horiek bizikidetza oztopatzen jarraituko dutela horien eragileak joan ondoren ere.
Norbaitek hausnartu beharko luke udal-politika egiteko modu honi buruz eta honek eraman gaitzakeen puntu beltzaren inguruan ere. Ezin handiago den distantzia ideologikotik diot hau guztia, baina baita lur errea ez sortzeko dugun beharretik ere, ezin izango baita lur horren gainean etorkizuna erein.