IRITZIA

Ez gara gu izan

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Urkixo 2024ko ots. 12a, 16:44

Iragan astean Aiaraldetik igaro zen traktore mobilizazioaren irudi bat. / Aiaraldea.eus

Baliteke egun hauetan Gasteiztik, Iruñetik edo agian Bilbotik gertu gidatzea tokatu izana. Eta litekeena da traktore-karabanaren bat aurkitu izana, auto-ilararen bat jan izana, eta, oraingoan bakarrik izan bada ere lasaitasunez hartu izana, motorra amatatu zain egon zaren bitartean, eta baita lehen sektoreko langileei laguntzeko bozinakadaren bat ere jo izana. 

Ba horietakoa izan bazara, mila esker intentzinoagatik, bihotzez, baina jakin ezazu ez garela gu izan traktoreenak. Eta guk diodanean, Agroekologiatik hurbil dagoen eredu produktibo bat praktikatzen dugun baserritarrei buruz hitz egin nahi dut.

Izan ere, lehen sektorearen barruan, gizartean bezala, bi eredu daude aurrez aurre. Kapitalaren eredua dago, traktore handiak, ekoizpen handiak eta monolaborantzak, merkatu globalera bideratuak. Eta baserritarren eredua dago, ekoizpen txikiak eta dibertsifikatuak, hurbileneko biztanleentzat.

Guk ere, baserritar eredukoek, mila aldarrikapen izan ditzakegu errepidera botatzeko; baina, jakina, ez da horietako bat animalien ongizateari buruzko legea indargabetzea; ez da horietako bat izango herbiziden erabilera % 50 murrizteko betebeharra ezabatzea; ez da horietako bat izango Ebroko ura zekale lurretara eramatea; eta, ez diegu gure bozeramaileei baimenik emango, esateko Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek, gajoek, ahal duten guztia egiten dutela lehen sektorearen alde, baina konponbidea beraien eskumenetik kanpo dagoela, (reptilianoak errudun ziur asko, dena kontrolpean dute eta).

Gure arazoa eredu agroekologiko bat lantzen duten 10 baserritatik 8 ez iristea gutxieneko soldatara da, astean 52 orduko lanaldiekin, ekoizpenerako gehiegizko eskakizunek gero eta merkaturatze-bide gehiago zarratzen dizkigutela; edota elikagaiak eraldatzeko zentruen sarea desagerrarazi izana. 

Gure arazoa, dirulaguntzen tranpan sartu diren ekoizleak produktua ekoizpen-kostuaren azpitik merkaturatzea da, edo elikagai-produkzioan eskatzen diren gutxienekoak betetzen ez dituzten herrialdeekin merkataritza libreko itunak sinatzea. Baina baita ere produktu horiek erosi eta kontsumitzen dituztenak.

Agian laster gu ere errepidera irtengo gara, ikusten duzue arrazoiak ez zaizkigula falta, baina ez da izango, ez Dani Desokuparekin, ezta Voxeko neska kaiku horrekin berez.

Eta orduan bai, aukera izango duzue, bidean txalotzeko, funtsezkoak izan ginen hiru hilabete haietan bezala, akordatzen? Baina kontuan izan, baserritarrak txalotu ostean ostera be supermerkaturako bidea hartzen badugu ez dugula aurrera egingo. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide