IRITZIA

Araba, euskaraz bizi nahi duen lurraldea

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Gurtubai Artetxe 2026ko urtarrilaren 15a

Arabarrok, behin eta berriz, erakutsi dugu lurralde elebiduna izan nahi dugula. 

Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Sailaren ardura hartu nuenetik oso argi daukat: gaztelaniaz gain, euskara ere Arabarron hizkuntza da eta erakundeei dagokigu, aukera-berdintasuna sustatuz, etorkizunean bi hizkuntzak maila berean egon daitezen.

Egunerokoan bi hizkuntza dituen gizartea eratu nahi dugu eta horrek, zalantzarik gabe, gizarte kohesioa bultzatuko du.

Azken hamarkadetan, euskararen ezagutzak jauzi haundia egin du Araban, eta Gasteizen ere. Gazte gero eta gehiagok dakite euskaraz. Gure hizkuntza eskolan, aisialdian eta kulturan gero eta presenteago dago.

Hala ere, oraindik ezagutza eta erabileraren artean arrakala handia dago: jende askok ulertu egiten du baina ez da ausartzen hitz egitera, segurtasun ezagatik edo ohitura faltagatik. Gaur egun,  hori da gure erronka nagusietako bat. Egoera horri aurre egiteko sortu dugu “Araban Euskararen Erabilera Sustatzeko  Plan Estrategikoa 2025-2029”.
Helburua da “euskara ikasteko” logikatik “euskaraz bizitzeko” logikara pasatzea.

Udalekin, kuadrillekin eta gizarte eragileekin elkarlanean landu dugu plana eta bost ardatz nagusitan oinarritzen da: gobernantza partekatua, jarrerak eta motibazioak, ezagutza eta gaitasuna, erabilera eta harremanak eta komunikazioa eta hedapena.

Horrek, praktikan, zer esan nahi du?

Euskara, modu erosoan, erabiltzeko testuinguruak sortu: merkataritzan eta ostalaritzan, kirolean, aisialdi taldeetan, kultur jardueretan, sare sozialetan…

Familia transmisioa indartzea, guraso euskaldunak lagunduz; eta, aldi berean, lana eta eguneroko harremanak euskaraz egiteko benetako aukerak zabaltzea.

Diputatu moduan, euskara justizia-kontu gisa ulertzen dut. Hau da, euskara sustatzeak denon eskubideak bermatzen ditu; euskara erabiltzeak ate profesionalak irekitzen ditu; eta euskara bultzatzeak Arabako barne-kohesioa sendotzen du.

Araban, gaztelaniaz gain, euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan ere bizi gara: euskaraz mintzatzea ez da inoren aurka egitea, guztion alde baizik.

Euskararen etorkizuna, Araban ere, idatzi nahi dugu. Plan honek ibilbide-orri bat ematen digu baina emaitza gure erabakiek markatuko dute: familiek, gazteek, enpresek, elkarteek eta erakundeok eginiko apustuak.

Araba bidezkoagoa, kohesionatuagoa eta gureagoa izango da, baldin eta elkarrekin, euskaraz ere, eraikitzen badugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide