Saratxoko errepidea konpontzeko proiektuaren inguruko Lur Jareetako mozioan sinatutako eskakizunei ez zaie benetako erantzunik eman. Mozioaren eskakizunetako batek azalera ahalik eta gehien minimizatzea zihoen. Guztizko okupazio azalera 54Ha (540.000 m2) izango dira eta proiektua birmoldatzeko Foru Aldundiak berak, kontrataturiko enpresak (Fulcrum) egindako aldaketa bakarra errotonda bateko irteera kurbaren erradioa estutzea izan zen, horrela, guztizko azalera 6000m2- tan minimizatuz, hau da, proiektu osoaren %1a. Aldaketa minimo horri gehitzen badiogu orain azalera gehiago ezjabetu nahi dutela hainbat zonaldetan, gure galdera da: mozioari erantzuteko modua da hau edo antzerki politikoa eginez mozioa zakarrontzira botatzeko modu elegantea?
Horren ostean, ISVIAL enpresak egindako makroerrotonda baten azalera gutxitzeko proiektua aurkeztu genuen. Berau araudiaren barne dagoen proposamen ekonomikoagoa eta seguruagoa zen eta betidanik eskatu diguten bezala gure asmo guztiak betetzea eskatzen ez zuena. Hots, benetan guk asko galtzen genuen soilik horretara mugatuta. Dena den, horrek ere ez zuen balio izan.
Mozioaren beste puntu garrantzitsuetariko bat Lekamaña eta Saratxoko goiko auzoari Urduñarantzako irteera ematea zen. Hau ere ezinezkoa omen da. Borondaterik gabe, noski! Hainbeste bilera, hainbeste eskakizun proiektu basatia proiektu jasangarria bihurtzeko, eta azkenik horixe zen aldatzeko zuten borondatea. Ur errea izan da!
Aste honetan obraren lehen fasearen lizitazioa aurkeztu dute, 19,1 milioi eurotakoa izango dena. Jakin badakigu ez dela lehiarik egon enpresen artean. Agian aurrekontua azpibaloratua dagoelako eta inork ez dituelako obraren gainkostuaren galerak pairatu nahi? Ez dakigu baina ez du usain onik.
Atzera begira jarrita bidea gazigoxoa izan da hainbat alditan izan dugulako gauzak aldatzeko esperantza eta egingarritzat jo izan dugu beti gauzak beste modu batean planteatzea. Hainbeste bilera alderdi politiko desberdinekin gure iritzia azaltzen eta pribatuan esaten zigutena oso gutxik eraman izan dute ekintzetara, hauxe guda politikoa baino ez delako. Batzuk foru aldundi honetako bozak irabazi nahian, beste batzuk beste probintzietako bozak irabazi nahian…horrelakoa da bizitza, gordina. Gure Herri txiki eta zatikatu honetan badirudi horrela lortzen direla proiektuak aurrera ateratzea denboran etengabe luzatzen eta azkenik guda politiko bihurtuta.
Hasierako puntura bueltatu gara, hamaika bilera, eskakizun eta buruhausteren ondoren, azkenik gure iritzia mespretxatua izan da. Ez gurea bakarrik, Lur Jareetako mozioa sinatu zutenena eta hori gutxi balitz, alderdi horiei boza eman dieten arabar guztiona ere. Guk gure akatsak egingo genituen baina beti egon gara ideia bera aldarrikatzen, proiektu ez basati eta jasangarria nahi dugu: alboko herrien bizitza ahalbidetu eta errepidearen segurtasuna handituko duena baina gure herria asfaltoaren azpian lurperatu gabe. Hainbeste eskatzea zen?