Espainiako Triatloi Olinpikoko txapelketaren inguruko kronika:
Abuztuaren 29an, Espainiako Triatloi Olinpikoko txapelketa ospatu zen Altafullan, elite mailan. Urteko helburu nagusienetako bat zen eta entrenamendu espezifiko asko egin nituen horri begira. Gainera, sentsazioak onak ziren eta gogotsu jarri nintzen hondartzako irteera lerroan, barruan nuen dena emateko asmoz.
Igeriketako 1500 metroak ez ziren guztiz ongi joan, baina hala ere, uretatik bigarren taldean ateratzea lortu nuen, bizikletan talde onean kokatzeko aukera eman zidana. Txirrindulan, 6’6 kilometroko 6 buelta genituen aurretik; taldea fuerte zihoan, baina aguantatzeko moduan aurkitzen nintzen.
Zoritxarrez, bigarren bueltaren hasieran, %13ko portzentaia zuen malda bat igotzera joan nintzenean, katea atera zitzaidan. Bizikletatik jaitsi, katea sartu eta berriz martxa hartu nuenerako, taldeak alde egin zuen.
Ahalegin guztiak egin nituen harrapatzeko, baina neska asko ziren erreleboka tiraka zihoazenak eta ezinezkoa egin zitzaidan.
Aurrean bukatzeko esperantza ia-ia galduta, nire erritmoa hartzea erabaki nuen. Hiru minutuko tartea ateratzen zidatelarik heldu nintzen bigarren trantsiziora, baina, gogoz atera nintzen korrikako 10 kilometroei aurre egitera.
Sentsazioak korrikan ez ziren guztiz onak izan, alde batetik, bizikletan bakarrik joatearen nekeagatik eta bestetik, eguneko bero eta hezetasunagatik. Hemen ere, nire erritmoa hartzea erabaki nuen eta nahiz eta fuertea ez izan, neska asko aurreratzen ari nintzela ohartu nintzen. Batzuk oinez, beste batzuk erretiratuta… lehen esan bezala, bero eta hezetasunak triatloi baldintzak gogortu zituztelarik.
Helmuga gurutzatu eta 14. sailkatu nintzela esan zidaten (13.sailkapen orokorrean, kanpotar bat aurkitzen baitzen aurreko postuetan). Hasiera baten, ez nintzen gustura geratu lortutako emaitzarekin, baina ongi baloratu eta gero, asko poztu nintzen bizikletan gertatutako ezbeharrari aurre egiten jakin eta bukaera arte borrokatu nuelako.
Ia 80 parte hartzailetik, 44 neskek bakarrik lortu genuen triatloia bukatzea; baldintza klimatikoaz gain, bizikletan aurreratuak ziren neskak kanporatuak izaten zirelako.
Beraz, txapelketa modu orokor batean hartuta, balorazio positiboa egin behar dudala uste dut, eta hobetzeko ditudan aspektu guztiak kontuan hartu, urtetik urtera hobekuntza prozesuan aurrera pausu bat emateko.