20. Korrika abiatzear da. Beste behin ere herritar askoren barrenak mugituko ditu: urduritasuna, emozioa, izan zirenen oroitzapena, ilusioa… Berezia da oso Korrikak sentiarazten duena. Gau eta egun, etenik gabe, eskutik eskura pasatzen den lekukoa, konpromisoz eta maitasunez betea. Kantak dioen moduan hizkuntzaren malabaristak omen gara, hala sentitu izan gara batzuk zailtasunen gainetik euskararen aldeko hautua egin dugunean; trapezistek bezala bertigoa sentituko dute askok bi urterik behin korrika egiteko zapatilak janztean. Akrobaziak ere egin ditugu: “aizue, 7:00etan suhiltzaileetan hitzordua, autoz korrikalari ausartenak Barrerillaraino igotzeko”; “gero behera, eta bakoitza bere kilometrora”; “ez ahaztu ezer, e?”; “Saratxoraino joan direnen bila joateko inor prest?”; “amaieran indarrak berreskuratzeko gosaria: denontzako txokolate goxo eta beroa Gaztetxean!”… Herri honen ilusionistak, horiek gara gu. Ezin dugu ahaztu, ordea, euskarak 365 egunetan behar gaituela, lan handia dagoela egiteke euskaraz bizi ahal izateko eta denok bat egin beharko dugula aurrerapausoak ematen jarraitzeko.
Apirilaren 7an bidera aterako gara, euskara maite dugula ozen oihukatzeko. Arnasestuka bada ere, euskararen alde gaudela aldarrikatuko dugu; ezin hobeto isla daiteke oztopoen gainetik gure hizkuntza urrun eramateko prest gaudela, bizirik mantenduko dugula batengandik jaso eta hurrengoari emanez. DENOK BAT EGINGO DUGU URDUÑAN. TIPI-TAPA KORRIKA!