IRITZIA

Aiaraldean eta Euskal Herrian egin dezagun posible! Lan erreforma honi ez!

Erabiltzailearen aurpegia Ieltxu Orueta Dominguez 2022ko ots. 4a, 10:00
LAB sindikatua Euskal Herriko gehiengo sindikalarekin mobilizatu da lan erreforma berriaren aurka. / LAB sindikatua

Ieltxu Orueta LAB sindikatuko kideak Espainiako Diputatuen Kongresuan atzo arratsaldean onartu zen lan erreforma berriaren inguruko iritzi artikulua plazaratu du. Erreforma berria "iruzurra" dela nabarmendu du Oruetak.

Azken hilabetetan lan erreformaren indargabetzeari buruz askotan hitz egiten ikusi ditugu alderdi, eragile eta sindikatu ezberdinak. PSOE eta Podemosek PPren lan erreforma indargabetuko zutela esan, hitz eman eta sinatu egin zuten. Horretarako aukera zegoela zirudien.

Baina ez, Espainiar Estatuko Gobernu "ezkertiar eta progresistenak" ez du bere hitza bete, ez du 2012an Alderdi Popularrak aldebakarrez inposatutako lan erreforma indargabetu. Ez du agindutakoa bete, lan erreforma osoa edo behintzat elementu kaltegarrienak bertan behera ustea. Espainiar estatuko gobernuak, CCOOk, UGTk eta CEOEk adostutako lan erreforma berriak 2012 urteko lan erreformaren hezurdura nagusia mantentzen du, PPren erreformaren edukien %95 indarrean mantentzen dira. Hau da, langile klasearen pobretzea bilatzen zituzten tresna ia guztiak mantenduko dira. Gainera erreforma berri hau sinatu eta babesten dutenek, kontra gauden pertsona, sindikatu eta eragileak okertuta gaudela eta ez omen dugula egi osoa kontatzen kotatzen esaten dute. Are gehiago, langileei azalpenak sor omen dizkiegu lan-erreforma berri honen aurka gaudelako. Alderantziz izan behar delakoan nago.

Hau iruzurra da! Hau zurikeria da! Lan erreforma hau berri txarra da langileontzat.

Langileentzat iruzurra izan da "elkarrizketa sozialeko" mahaiko akordioa, eta iruzur hori kongresuan berretsi izan da. Patronalari prekaritatea inposatzen jarraitzeko tresna guztiak eskutan izatea bermatu zaio, kaleratze merkeak, mugikortasun eta malgutasun inposatuak, hitzarmenetan adostutakoa ez betetzeko aukera, negoziazio kolektiboa zentralizatzen jarraitzea... Horregatik dago patronala hain pozik. Patronalari beto eskubidea oparitzen bazaio akabo langileen interesak eta eskubideak.

Madrilen ez dago zer eginik. Sindikatuek eta ezkerreko alderdiek eskuinak eginiko erreforma atzerakoia ia bere osotasunean berretsi dute. Gainera Euskal Herriko langileak eta gehiengo sindikala ez dute kontutan hartu.

Madrilen lortu ezin izan dena Euskal Herrian posible egin behar dugu. Euskal Herrian lan harremanetarako esparru propioa eratzeko urratsak eman beharra dago. Euskal langileon lan eta bizi baldintzen inguruko erabakiak hemen hartu behar dira. Euskal Herrian aldaketak bultzatzeko garaia da, antolaketa, konfrontazioa, borroka eta greben bidez lan erreformatik blindatu eta langileen lan baldintza duinak lortuz.

Aiaraldean kaleratzeen eta prekarizazioaren aurrean, borrokaren bidez erantzutea ezinbestekoa dela badakigu. Bestela galdetu diezaiotela Tubecexeko langileei, edota Artiach eta Madres Mercedariaseko egoitzakoei. Kaleratzeei, prekarizaioari eta lan erreformari aurre egiten dioten lan akordioak eta hitzarmenak lortzeko antolaketa eta borroka ezinbestekoa izaten jarraituko du.

Aiaraldean eta Euskal Herrian egin dezagun posible! Lan erreforma honi ez!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide