IRITZIA

Hunki jin

Ongi etorri. Ongi etorri bai negoziatzeko eta adosteko borondateari. Hainbeste urte eta gero mahai gainean jarri baita gaia. Hezkuntzak noski behar duela herri ikuspegiz landutako akordioa. Partehartzailea. Duina. Sortzailea. Kritikoa. Eraikitzailea. Bateratzailea. Euskal Herria bere osotasunean hartuko duena. Non utziko ditugu bada, Nafarroa Garaia eta Behera? Edota Baionan ez al da euskaraz irakasten duen Lizeorik? Edo Ziburun ikastolik? Alozen? Hazparnen? Baigorrin? Donapaleun? Irunberrin? Tuteran? Altsasun? Herri-eskolak? Landa eremuetako herri eskola txikiak? Denek izango dute norberak bere bidean oinarrituta zer irakatsia. Harremandu gaitezen, bil gaitezen, eztabaida dezagun. Afera publikotasunaz? Doakotasunaz? Finantziazioaz? Bakoitzak bere egia. Besteraena ulertzeko ahalegin berria.

Segregazioa? Non eta gure eskualdeko herri populatuenean, Laudion, betetzen denean? Galdetu besterik ez dago, nahi izatekotan, herrira iristen diren etorkinen eskolaratzeen banaketaz? Eskolaratze batzordeak kokatzen ditu ikasle berriak behin kurtsoa hasita, zein irizpideren arabera? Herriaren errealitatea aintzat hartuta? Nork? Zergatik ez eman, hortaz, herri bakoitzari erabakitzeko eskumena. Nork kontrola dezake bada hobeto bere herriko errealitatea bertako jendarteak baino? Herriko Udalak ala? Batzordeak era daitezke, hezkuntzari lotutako eragile eta agente guztiekin. Nola euskaldunduko ditugu eta euskaradun sentiaraziko horretarako baliabiderik gabe? Zergatik ez egin harrera, zuzenean euskaltegira bideratuz (euskara ikasita lehenik, errazago integra daitezke eta gaitezke bertako edozein zentrotan)? Herrian integratzen lagunduz, horren aldeko apustu garbia egin ezean, agerikoa da emaitza. Eta nola? Nork? Zer? Zergatik?... Eta, batez ere, zertarako erabaki dadila adostasun kolektibo batekin.

Zerrenda, aidanez, luzea izan daiteke: murgiltzearen inguruan zer? Euskalduntzearen inguruan? Eta euskal kulturaz zer esan daiteke? Hausnartu eta eztabaida dezagun metodologiaz, konpetentziez, ebaluazio hezigarriaz, ikasleen irteera profilaz, euskal kurrikuluaz, lan baldintzez, lan-hitzarmenez, dozente eta ez-dozenteez etabar amaitezin bat, guk nahi ahala luza dezakeguna. Hauen guztien erantzuna eztabaida eta hausnarketa parte hartzaile baten ondorio izango da. Eraldatzailea izatea da erronka, bateratzailea, lankidetzan eraikitakoa, adostasun politiko eta sozial zabal baten emaitza du jomugan, zimendu sendoekin eraikia, ibilbide luzea izango duena aurretik, trabaz josia, agian, epe luzera begirakoa litzateke, gainera.

Eman diezaiogun aukera proposamen berri honi. Mahai gainean kokatzeagatik aspaldi desgertu antzean zebilen Hezkuntza. Benetan, hunki jin!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide