Dagoeneko bi urte pasa dira Fracking Ez Aiaraldea sortu zenetik, eta denbora guzti honetan asko eta asko izan dira gure borroka ulertu eta frackingaren aurka batu diren Aiaraldeko herritarrak.
Ordutik asko aldatu da panorama: mehatxuak aurrera eraman eta babesten dituztenek aurrerapausoak eman dituzte. Honen aurrean, Euskal Herriko eta inguruko Frackingaren aurkako mugimenduok hainbat aktibitate, mobilizazio zein kanpainak egin ditugu. Herritarren babesa jaso dugu, HEL-rako bildutako 103.000 sinadurak kasu.
Argi ikusten dugu herritarren gehiengoak ez duela ez Aiaraldean, ez inon frackingik nahi. Udaletara helarazi da gogo hau, eta horrela, dagoeneko eskualdeko herri gehienak haustura hidraulikoaren kontra agertu dira, Fracking gabeko udalerri izendatuz.
Dinamika honekin jarraituz, martxoaren amaieran Laudioko eta Arakaldoko Udal Osoko Bilkuretan frackingaren kontrako mozioak onartzen ahaleginduko gara. Era honetan nahi dugu eskualdeko udalerri guztiak mehatxu honen kontra agertzea. Ama lurra bizirik behar dugu! Frackingik ez! Ez hemen, ez inon!