Iker Markuartu:
"Oroimenak pilatzen dira Ivan Fandiñoren figurari buruz, bereziki hastapenekoak, agian pozgarrienak, inuzenteenak eta puruenak.
Duela 20 urte bat egin genuen, nola ez, Bilboko Vista Alegre plazan amets bera baikenuen; toreatzaileak izatea.
Urduñan elkartzen ginen eta plazan entrenatzen genuen Miguel Yusterekin (Laudio) eta Oscar Romerorekin (Urduña). Ordu, amets eta ilusio asko... eta zuk esaten zenuen moduan: “plaza honen hormek hitz egingo balute...”.
Laurok partekatu genuen Salamancara egindako lehen bidaia, erokeria hutsa!
Ez genekien ezta non zeuden ganadutegiak eta, jakina, ez genuen diru askorik, baina merezi izan zuen behi bati muleta-pase pare bat emateko aukera izateak.
Parte hartu genuen zekorketetan, pikadorerik gabeko nobilladetan eta zurekin partekatu nuen kartela pikadoreekin debutatu zenuenean.
Eta hor joan ginen banatzen; bitartekoak bilatu behar genituen, hemen oso zaila baitzen. Ni Sevillara joan nintzen eta gero Valladolidera. Zuk, geroago, Guadalajaran topatu zenuen zure lekua, ibilbide luzea eta etengabeko borroka egin ostean.
Umeen amets horiek errealitate bilakatu ziren, toreatzailea nintzen eta nahikotxo toreatzen nuen. Hiru urte geroago, zuk ere lortu zenuen eta ez zinen horrekin konformatu, beti gehiago nahi baitzenuen. Nik alde batera egin nuen, gehienbat zezenen enpresa sistemaren aurka borrokatzeaz nekatuta nengoelako.
Zuk ez.
Horretan beti goratu zintudan. Borrokatu eta borrokatu zenuen, hamaika oztopo jarri zizkizuten, baina lortu zenuen zezenzaleen izarren artean egotea eta Madrilgo ate handiaren loria ukitzea.
Izan zinen, zara eta izango zara zezenketaren figura, horrela gogoratuko zaituztete eta historian sartuko zara.
Goian bego, maisu. Goian bego, lagun."
Miguel Yuste:
"Dena hasi zen Laudion entzierro batean. Zezen-tokitik atera zen hanka motzeko zekorra eta mutiko batek kapotea hartu zuen eta beronikak egiten hasi zen. Niri atentzioa eman zidan eta hor abiatu zen adiskidetza luzea.
Ivanek 14 urte zituen eta nik 16, eta elkarrekin ibiltzen hasi ginen ostiraletan Amurrion, diskoteka light batean, Luxurian, hain zuzen. Bide batez, hasi ginen entrenatzen Urduñako zezen plazan. Joko baten moduan hasi zen.
1997an Ivanek Iker aurkeztu zidan bere zekorketan parte hartzeko banderillero lanetan, bistaz ezagutzen ginen. Ez nituen ezta praka zuriak eta Ivanek utzi zizkidan. Banderilla jartzean zekorrak harrapatu ninduen eta prakak apurtu zizkidan. Min gehiago eragin zidan horrek kolpeak baino.
Hurrengo urtean, asko entrenatu ostean, proposatu zidan animalia hiltzea zekorketan. Nire gurasoek ez zuten nahi eta gogoratzen dut Ivan etxeko sofan eurekin hitz egiten. Surrealista bada ere, berak 16 urte baitzituen eta nik 18, lortu zuen konbentzitzea.
Urte horretan, 1998an, txekorra toreatu nuen lehen aldiz, Ikerren eskutik, eta belarria moztu nuen. Hurrengo urtean ere zekorra hil nuen eta 2 belarri moztu nituen. 2000. urtean nik bakarrik hil nuen. Ama! Zer nolako jipoia jaso nuen!!! Hiru urteetan Ivan nire alboan egon zen.
Hala ere, egun horren ostean eta jasotako jipoiaren ostean, erabaki nuen uztea, baina banderillekin ondo moldatzen nintzen. Ivanek konbentzitu ninduen eta banderillero egin nintzen. Nobillero karneta aldatu nuen eta banderillekin aritu nintzen Ivan eta Ikerren aginduetara pikadorerik gabeko garaian.
Denbora igaro zen eta San Esteban de Gormazen zekorketa batean txekorrak harrapatu ninduen eta hanka izorratu. Ivanek ezin zuen sinistu “onik” ateratzea.
Beti berarekin eta Ikerrekin.
Denek dakite Ivan Guadalajarara joan zeneko eta horren osteko historia. Nik utzi nuen lesioaren ondorioz, baina ez nuen harremana galdu. Sare sozialetan eta telefono deien bitartez jarraitzen nuen bere borroka eta igoera.
Berarekin egon nintzen azkenengo aldiz 2015eko Gabon-gauean, egun horretan ere Cayetana ezagutu nuen, eta zein ondo pasa genuen!
Orain zu agurtzea egokitu zaigu. Trago txarra, baina aurrera jarraitu behar dugu. Eta Nestor lagunak eta ahaldunak esaten zion moduan: “soldadu, gaur irabazi beharra dago”. Irabazi dezagun ba beragatik!".