Gure memoria historikoa berreskuratu, kontzientziak pixka bat astindu eta isilpean dagoen eta eskola edo ikastoletan irakasten ez digutena eta baita gure ondare historikoa balorean jartzeko asmoarekin, Orozkon dagoen Untzueta mendiaren inguruko herrietako (Orozko, Arakaldo, Arrankudiaga-Zollo, Zeberio, Ugao eta gaur egun Laudio) lagun talde bat (ez adituak) 2013. urtean lanean hasi ginen, eta horrela osatu zen Untzueta Nafar Gaztelua lantalde zabal eta parte-hartzailea eta Nafarroa Bizirik taldearekin harremanetan jarri ginen elkarlan emankorra burutuz.
Izan ere, orain dela mila urte inguru, XI. mendean Nafarroako Erresuma indartsua zen garaietan, gaztelu bat eraiki zen Untzueta mendiaren tontorrean. Ondorengo mendeetan, betekizun garrantzitsua izan zuen gazteluak eta bertan izandako gertaerek eragin handia izan zuten Euskal Herriko historian, eta nola ez, inguruko herrietan. Gertakizun haiek hain zuzen ere, eskualdean gaur egunerarte iraun duten mitologiari lotutako kontakizun zaharren oinarrian daude.
Taldearen zereginen artean, informazioa eta dokumentazioa bildu, landu eta herritarrei bideratzeko eran jarri genuen. 2014. urtean herri desberdinetan Nafarroako Erresumari eta Untzuetako gazteluari buruzko hitzaldiak antolatu genituen, hitzaldi hauetara 200 pertsona inguru hurbildu zirelarik. Erakusketa bat ere osatu genuen herriz-herri eramateko, gazteluaren eta bertan erabilitako guda tresnen maketeki eta informazio panelekin. Eskoletan ere erakusketak eta umeentzat hitzalditxo batzuk antolatu ziren.
Ekitaldi nagusi bezala 2014. apirilean nafar gaztelua bertan izan zela adierazten duen metalezko mugarria jarri genuen Untzuetako tontorrean (Untzuetako nafar gazteluari buruzko oinarrizko informazioa grabatuta duen burdinezko plantxa) eta bertara 150 pertsona inguru batu ziren, gero herri bazkaria Arrankudiagan ospatu zelarik.
Geroztik, urtero Untzuetan ekitaldiak antolatu ditugu eta bazkariekin jarraitu dugu baina pandemia dela eta pasa den urtean ez genuen aukerarik izan ezer ere ez egiteko eta aurten maiatzaren 22an ekitaldia egingo dugu etorri nahi duten guztiekin batera.