EH Bilduren 3. legealdia izan da amaitzeko gutxi falta duen hau. Ilusioz ekin genion duela 12 urte, eta gogotsu eutsi diogu erronkari 2022an ere herriaren gure ikuskera gauzatzeko. 2022a ez da urte erraza izan, informazio eta gardentasun falta izan baitira, berriro ere, ezaugarri nagusiak. Batzorde informatiboetara joan eta batzordeburuak erantzuten ez jakitea ohiko bihurtu da. Edota eskatutako informazioa ez ematea. Honek oposizioaren lana izugarri zaildu du.
Hala ere, EH Bilduk proposatutako edo bultzatutako zenbait proiektu gauzatze bidean jarri dira: Landazuri, Aiaraldea berpizteko plana, berdintasun teknikariaren kontratazioa… Gobernu taldearen aldetik presa sumatu dugu ikusgarriak diren proiektuak aurrera ateratzen, nahiz eta zenbaitetan, osatu gabe geratu. Itsasontzi handiak portuan lotuta. Honen adibide, merkatu zaharraren eraikina zaharberritzea, erdibidean geratuko dena, edota Landazuri proiektuaren Eguneko zentroa, etorkizunean ezarriko omen dena..
Egun, Amurrioko EH Bildu egitura sendoa gara eta herria zuzentzeko aukera argia daukagu. Herriak hori erabakitzen badu, inork ez dezala zalantzarik izan, arduratsu jokatuko dugu eta udalgintzatik ere Euskal Herri euskalduna, feminista, subiranoa eta justua eraikitzeko lanean arituko gara.