Sarritan pentsatzen dut eleberri hau jaio baino askoz lehenago hasi nintzela idazten, beste batzuk bizi zirenean barru-barruan naraman Aiarako lur honetan. Haiek gugan utzi zuten arrastoa, euren egiteko moduak, amets eta asmoak. Sortu nintzenean hori guztia nekarren aldean: haran eta baserrietako antzinako historia, bertokoek landutako lur heze eta emankorraren historia. Bertoko harrotasunaz eta berbetaz beterik nentorren. Haiek denek, euren bizitzek, euren hildakoek, zereginek, modu eta sentimenduek nire oraina iraganarekin uztartuz ulertzen laguntzen didan kontakizuna betetzen dute. Munduaren memoria deritzon horrekin zerikusia duen zerbait da.
Sarritan uste dut haien grafia dela lerro hauetan azaleratzen dena; nirearekin apaindua, jakina. Manuela idazten nenbilela antzinako doinuak entzun ditut, pilota baten soinua elizako horman jotzean. Dastatu dut gaurko ardoek –zorionez- ia guztiz galdu duten txakolin zaharraren mingotsa. Berritu egin ditut hil arte harria bezain gogor zirauen emakume horren pasioak, hiru urte luzez artxibo eta paper-apurretan “gu” haiekin topo egitera ekarri nauten familia-loturak bilatuz. Munduaren beste puntara emigratu ahal zuten zorioneko horiek joaten ziren lekura joan naiz eta aurkitu dut leku bat non gure abizenek, hiri baten muina osatzen zuten: Nueva Españako San Miguel el Grande hiria. Eta han izan nuen hango seme-alabek herria askatzen izandako ibilera eta borroken berri. Hori dena ere bada Manuela.