Emakumeei buruz hitz egiteko eskatu dit Menagaraiko emakumeen taldeak eta nire eleberriko pertsonaien bitartez egin dut hori. Bizi-baldintza ezin gogorragoak jasan behar izan zituzten emakume haien indarra ekarri nahi dut gogora. Baserrien arteko trukerako txanpon ziren, baina foruek aitortzen zizkieten eskubideak ezagutu eta baloratzen zituzten. Ezkontzea eta umeak edukitzea, horra hor euren eginkizuna. Izan ere, ezkongabe geratzeak zera esan nahi zuen: gainerako senideentzako lan egin behar izatea. Hori bai, jaiotzez Bizkaiko kapare (“hidalga”) zirela jabetuta, ez ziren beldurtzen ezkontzeko proposamen faltsuen aurrean. Nobela prestatzen behin baino gehiagotan aurkitu nituen emakumeek gizonen aurka abiarazitako auzien frogak. Gizon horiek, hain zuzen, ez zuten emakumeen ohorea urratu, baizik eta zerbait garrantzitsuagoa: euren etorkizuna. Emakumeek ez zuten bizitza-publikoa delakoan parte hartzen, eta are gutxiago ekonomiaren eta politikaren esparruetan. Hala eta guztiz ere, esan bezala, legeak aitortzen zizkien eskubideak zein ziren bazekiten, eta defendatu egiten zituzten. Gizonak bezain bizkaitarrak eta nobleak ziren, eta horretaz jabetuta egoteak bide eman zien gizonezko ugazaba zein basailuei parez pare begiratzeko. Nobela idazten ari nintzela, beraz, jakin nuen hemengo neskameek bizi izan zuten errealitateak ez zuela zerikusirik Urduñako mendateaz eta Balmasedaz haraindiko neskameen bizi-baldintzekin. Gure lurraldeko emakumeak ez ziren sumisoak, ez zioten inori men egiten. Bada zerbait.