Arte ederrik gabeko bizitzan pentsatze hutsak gaixotu egiten nau. Nire ustez, arterik gabeko mundu batek arte horren adierazpidea edozein dela ere ez du ezertarako balio.
Bizitzak, esaterako, ez luke zentzurik musikarik gabe, notak, ahotsak eta musika-tresnak nahasten dakiten emakume eta gizon treberik gabe. Museorik, antzokirik edo zinemarik gabeko hiria? Pentsaezina da hori. Eta libururik gabe… horiek gabe bai ezingo nintzatekeela bizi.
Beste norbaitek irakur ditzan idatzitako hitzez ari naiz. Haiei esker beste mundu batzuk ezagutu ditut, beste harreman batzuk bizi, ametsak bete… Arteak, askotarikoak, gure eguneroko bizitzan sartzen dira, isilean baina modu etengabean, eta toki askotan aurki ditzakegu haien zantzuak: pintzel ukitu batean, gustuko abestiaren notaren atzean, poema batean edo espaloiaren tokirik onenean dagoen eskulturan.
Hala eta guztiz ere, artearen aukerak mugatu egiten ditugu, baliabideak murriztu, neurri gabe pirateatu… Eta askotan inertzia hutsagatik jokatzen dugu horrela, esku artean dugunaz jabetzeko eta gozatzeko asti nahikorik hartu gabe. Baina, esan bezala, ezinezkoa da arterik gabe bizitzea. Edertasuna poemetako lerroetan dago, koadroetako pintzelkadetan eta musikaren soinuetan, eta hura gabe ezin izango genuke bizi.