Laster bukatuko den udazken alai eta bero honetan (otsoek ez baitute negua jaten, nagusienek dioten moduan), egunkarietako orrialdeetara salto egiten dihardute gaixo egoteari utzi egin ez dion gure jendarteko izugarrikeriek. Izugarrikeria. Zer beste izen eman ahal zaio genero indarkeriagatik hildako emakume kopuruari, salaketen bidez irtenbide bat bilatzen duten ehunka horiei eta bizitza ez den bizitza bat isilpean sufritzen diharduten beste milaka horiei, ordena ez den ordena bat ez nahastearren existentziarik okerrena isildu eta ezkutatzen duten horiek.
Ezin diot euregan pentsatzeari utzi. Emakumeengan batez ere, baina baita gizonezkoengan tratu txarren eta genero indarkeriaren biktima direnean ere, gutxiago diren arren. Ezin diot pentsatzeri utzi jendarte hau konponbiderik gabe gaixo dagoela, ezta zientziak gaixotasun horren aurkako erremediorik ez duela, horrenbeste zikinkeria eta zentzugabetasunerako bakuna bat.
Munduko istoriorik zaharrena dirudi, behin eta berriz errepikatuta, gizona gizon eta emakumea emakume direnetik. Egon zen garai bat zeinetan egoera okerragoa izan baitzen, baina egon ziren baita kultura eta jendarteak zeintzuetan ordenak buelta ematen baitzuen eta emakumezkoak ziren nagusi. Ez batak ez besteak ez naute kontent uzten. Hazi egin behar badugu, berdintasunetik egin dezagun, gure kontzientziei hots eginaz eta gaitz honekin bukatzeko inplikatuz, bakoitza bere esparruan. Eraiki dugun jendarteaz ezer onik esaten ez duen gaitza, erremediorik gabe gaixotzen eta elbarri, anputatu eta tisiko uzten gaituena.