Liburuak pilatzen ditut, inolako kontrolik gabe askotan, aitortzen dut. Eta, hala eta guztiz ere, ezin diot liburutegietara joateari utzi. Sarritan bertaratzen naiz liburutegietara, datu zehatz bat bilatu edo ikerketa bat egiteko batzuetan, baina bertatik topatzen dudana irakurriaz galtzeko gehienetan. Babestua sentitzen naiz testuz estalitako pareten artean, euren isiltasun adeitsuan, zeinetan zurea ez den arnas baten konpainia oihu konpartitu bat bilakatzen den. Eta gustuko dut oso egunkariak zabalik aurkitzea agureen eskuetan eta baita oraindik irakurtzen ez duten umeen ipuin ber-asmatuak topatzea ere.
Iragan astean internet topatutako artikulu bat berreskuratzen saiatu naiz. Ixtera zioan liburutegi bati buruz mintzatzen zen Ez dut berriz aurkitzerik izan. Liburu batean irakurri izan banu, berriz, jakingo nuke non bilatu. Arnasestuka jartzen nau teknologiak, deskantsurik gabe lauhazka ibiltzen bere eguneroko lasterketan. Kontua da artikulu horrek kontatzen zuela liburutegi bat ixtera zihoala.
Berdin du erabilera edo baliabide faltagatik zen: galera handia da bi kasuetan. Agian ez zuen inork erabiltzen, baina orain ziur ez duela inork erabiliko, eta hau esaten dudan bitartean nire ama datorkit burura, 70 urterekin liburutegiko ohiko erabiltzaile bilakatu baita. Agian ez zegoen dirurik soldata bat ordaintzeko, teilatua konpontzeko edo liburu gehiago erosteko. Baina ez du zertan eraikinak ikusgarria izan, ezta liburuzainak bertan 12 orduz bizi (batzuetan lau ordurekin konformatu gaitezke) ezta apalategietan azken nobedadeak egon behar ere. Liburutegi bat hurbil izatea da garrantzitsuena.