50. hamarkadan “urre berdearen hiria” deitzen zitzaion Okondori. Gaur egun Gore-Tex botekin eta kirol arropa jantzita zeharkatzen ditugu mendi hauek, hainbat egunetarako kaloria-dosiak motxila arinean gordeta eta gure ergonomiara egokitzen diren makulu koloredunetan sostengatuta.
Baina duela ez asko, beste batzuk ziren mendi hauetan barrena aritzen zirenak, helburu oso ezberdin batekin: eguneko ogia egurra ebakiaz lortzea. Duela mende erdi pasatxo Kantauriko erlaitz osoko gazteak bertaratzen ziren inguru berde eder honetara, eurek eraikitako etxolekin eta urdaia janaz bizirauten. Hori da “Oro berde” nobelan kontatzen dudan istorioa: Kantabriatik, Liebanatik edota Asturiasetik bertaratutako gazteena.
Baina istorio bikoitz bat da, bi espazio oso ezberdinetan elkar nahastu eta gurutzatzen diren bi garaitan kontatua: diktadurak ebakitako jendartearen garaia eta guk guztiok ditugun muga erreal edo irreal horien atzetik azaltzen den mundu modernoaren garaia.
(Datorren ekainaren 9an Laudion aurkeztuko du liburua Roizek, 19:30ean Udal Erabilera Anitzeko Aretoan)