Zinema irribarrea utzita joan da iraila. Amurrion gertatu zen dena, eta filma labur on baten zaporea utzi zidan. Astearte euritsu bat baliatu genuen epaimahaiko kideek asko pentsatu eta arrazoitutako deliberazio bat adosteko. Brindis bat egin genuen jarraian, eta etxera itzuli nintzen gero, bizitako esperientzia baino zerbait gehiago irabazi nuen sentsazioarekin, alboan zeundenen berotasuna sentitu bainuen. Hurrengo egunean argi guztiak piztu eta antzokia argitu zuten. Ikusleak eserlekuak hartzen zihoazen, elkarri xuxurlaka eta adi-adi. “Azken autobusa” filma ari ziren proiektatzen. Hotzikara eragiteko moduko filma, oso erreala eta eguneroko bizitzan oinarritua. Mota askotako pertsonaiak igaro ziren pantailatik: “Dantzariak”, “Yayo”-ak eta oso ondo kontatutako hainbat istorio. “Inpultsu” batek dardarazi ninduen, eta “Footinga” egiten irten nintzen ia, aurtengo edizioko omendua den Leyre Berrocalekin batera.
Jaialdia hasi eta hiru egunera eman ziren sariak, ekitaldi polit bat ospatuta, hustu egin zen Amurrio. Euria ari zuen berriz. “12etako duelua” ebazten ari zen kale bustiko uretan, “Jesusmari andrea” presaka aldentzen zen bitartean. Bienbitartean, gizajo herren bat zebilen “Ulises”-en maletak lepoan eramaten. Euskal filma laburren onena zeraman berarekin, baina itzuliko da, eta zine aretoa beteko dugu berriz, hemendik urte eta gutxira. Oraingoan ez diogu ihes egiten utziko.