Osasuntsu dabil dantza gure eskualdean; Areta, Laudio, Orozko, Artziniega, Okondo, Urduña eta Amurrion indartsu daude dantza taldeak. Horrela ikusi genuen Erauntsi dantza taldeak igandean eskainitako dantzaldian, pilo bat zarete, zorionak!
Aiara dantza taldean ere 180 dantzari inguru gaude, eta aurten inoiz baino indar handiagoz ekin diogu urteari. 35 urte bete ditu 1984an jaio zen taldeak eta hori ospatzeko zenbait ekintza ditugu buruan: Batetik, asteburu honetan, hilak 23, Nahas-Jolas ikuskizuna oholtzaratuko dugu. Berritzaile kutsua du nahasketa honek, nahiko ikuskizun xelebrea! Bestetik, buru belarri gabiltza dantzari ohiak bilatzen, maiatzaren 18an ospatuko dugun euskal jaian inoiz taldekide izan direnak batu nahi ditugu egungoekin batera dantzaldi berezia eskaintzeko. Beraz, irakurtzen zabiltzan hori gurekin ibilitakoa bazara, ez galdu aukera eta eman izena 35urte@gmail.com helbidean!
Hori gutxi ez eta Urrezko Gukarekin saritu gaitu herriak. Eskerrik asko benetan! Ohore handia da, eta urtean zehar isilpean egiten dugun boluntario lana eskertu digutela sentitzen dut (taldekideek ere berdin pentsatzen dutela esango nuke).
Honetaz gain, urte osoan zehar betiko martxan jarraituko dugu herriz herri dantzatuz.
Dantzari bezala, beraz, urte ezin hobea aurtengoa. Eskerrik asko eta jarraitu ezazue dantzan!