Kalean, tabernetan, jendartean... parekidetasunerantz urrats handiak ematen ari garenaren istorioak kontatzen dira, oraindik ere. Eta, barkatu atrebentzia, baina zalantza handiak ditut honekiko.
Emakume izanagatik, bigarren mailako pertsona sentitzera kondenatuak gaude. Salaketen zenbakiak gora doaz, eta erasotzaileen adinak beherantz. Gazteon artean sendotzen ari den kultura da sistema patriarkalarena. Eta, indarkeria sexistak, modu sotilenetan zabaltzen ditu bere atzaparrak, harik eta genero bazterkeriaren aurka gaudenon begi eta buru kritikoenak ere bere sarean atzematen dituen arte.
Indarkeria fisiko gordinek eragiten dute inpaktu sozialik handiena: tratu txar fisikoak, kolpeak, erailketak, begibistako bortizkeria. Eta ikusezin bilakatzen den indarkeriaz, zer dugu esateko?
Indarkeria sexista urteko 365 egunetan eta 8.760 ordutan pairatzen dugun egoera da. Edertasun estereotipatuen barruan ibili beharra, bikotekide eta familiaren zerbitzura egonez gure buruak baliogabetzeko dugun betebeharra, gure plazerak eta desioak ingurunearen arabera erabakitzeko eta alboratzeko joera, ikasle fin eta txintxoak izateko eskakizuna, gauak arriskuz eta beldurrez bizitzeko mezuak, autodefentsa baino sumisioa elikatzeko mezu subliminalak... eta gure buruaz lotsatzeko erakusten dizkiguten ispilu erraldoiak.
Hautsi ditzagun ispiluok.